Entry Title

Bilbo Passion for Knowledge (P4K) 2019 zientzia-jaialdian murgilduko da

Passion for Knowledge (P4K) 2019 jaialdi erraldoiko jardueren artean, urriaren 3an, ostegunean, herritarrentzako bi hitzaldi publiko antolatu dira Guggenheim Museoan, bi Nobel saridunen eskutik.

Albert Fert fisikari frantziarrak Fisikako Nobel Saria jaso zuen 2007an magnetoerresistentzia erraldoia (GMR) aurkitzeagatik. GMRak elektronika mota berri batean, espintronika deritzona, egindako oinarrizko ikerketei bultzada eman zien, eta espintronikaren alor horrek dagoeneko aplikazioa garrantzitsuak ditu ordenagailuetan, telefono mugikorretan… Hitzaldian azalduko du oinarrizko fisikan egindako aurrerapenak gaur egun erabiltzen ditugun informazioaren teknologia guztien jatorria bihurtu direla.

Barry Barish ezinbesteko pertsona da grabitazio-uhinen detekzioan eta Fisikako Nobel Saria jaso zuen 2017an. Grabitazio-uhinen existentziaren aurkikuntzaren ehun urteak deskribatuko ditu bere hitzaldian. Barishen hitzetan, grabitazio-uhinek zientzia berri eta zirraragarri baterako ateak irekiko dituzte, gure unibertsoa aztertzeko modu guztiz berria baita.

Hitzaldi guztiak doakoak dira. Parte hartzeko jaialdiaren webgunean izena ematea eta lekua gordetzea gomendatzen da: p4k.dipc.org

Puntako zientzialarien eta ikasleen arteko topaketak

Hurrengo egunean, urriaren 4an, ostiralean, puntako zientzialarien eta Bigarren Hezkuntzako zein Batxilergoko ikasleen arteko topaketak egingo dira. Ikasleek aukera izango dute giro lasai eta atsegin batean Albert Fert Fisikako Nobel sariduna, Maria Martinon-Torres paleoantropologoa eta CENIEHko zuzendaria eta Christophe Rossel fisikari esperimentala gertutik ezagutzeko eta galderak zuzenean planteatzeko. Gonbidatutako ikertzaileek zientziarekiko eta ikerketarekiko grinari buruz hitz egingo dute eta beren bizipenei eta ibilbide profesionalean metatutako esperientzia guztiei buruzko galderak erantzungo dizkiete ikasleei. Topaketa hauen helburu nagusia da, hain zuzen, Euskal Herriko ikasleen artean ikasketa zientifiko eta teknologikoekiko bokazioa bultzatzea eta ezagutzarekiko pasioa piztea.

Bilboko hitzaldiek zein topaketek DIPCren patronoa den Telefónicaren laguntza dute.

P4K jaialdiaren laugarren edizio honetan zazpi Nobel saridunek eta mundo mailako adituek hitzaldi irekiak eskainiko dituzte Donostiako Victoria Eugenia Antzokian, Bilboko Guggenheim Museoan, Iruñeako Baluarten eta Bergarako Errege Seminarioan irailaren 30etik urriaren 5era. Ikasleen eta zientzialarien arteko topaketak, bertsolariak, Naukas saioak, erakusketak eta haurrentzako tailerrak ere badira egitarauan. Edonoren esku dagoen luxu bat da ikasten jarraitzeko eta zientifikoki ongi informatutako gizartea bultzatzeko.

Bilboko ekintza guztiak Telefonicaren, DIPCren patronoa denaren, parte-hartze bereziari esker egingo dira. Javier Benitok, Telefonica Euskadiko zuzendariak bi ekintzen irekiera-ekitaldian parte hartuko du eta ikasleek egindako galdera onerari emango dio saria ostiraleko saioan.