imagen ponente

Nekane BALLUERKA

Portaera Zientzien Metodologia

Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU)

imagen ponente

Barry BARISH

Fisika eta Astrofisika

Caltech eta UC Riverside, Estatu Batuak
Fisikako Nobel Saria 2017

imagen ponente

Dame Jocelyn BELL BURNELL

Astrofisika

Oxford University, Erresuma Batua

imagen ponente

Juan Ignacio CIRAC

Fisika Teorikoa

Max Planck Institut für Quantenoptik, Garching, Alemania

imagen ponente

Claude COHEN-TANNOUDJI

Fisika

École Normale Supérieure (ENS), Frantzia
Fisikako Nobel Saria 1997

imagen ponente

Pamela DIGGLE

Botanika

University of Connecticut, Estatu Batuak

imagen ponente

Albert FERT

Materia Kondensatuaren Fisika

Université Paris-Saclay, Frantzia
Fisikako Nobel Saria 2007

imagen ponente

William FRIEDMAN

Botanika

Harvard University, Estatu Batuak

imagen ponente

Serge HAROCHE

Fisika

Collège de France, Frantzia
Fisikako Nobel Saria 2012

imagen ponente

Dudley HERSCHBACH

Fisika-Kimika

Harvard University, Estatu Batuak
Kimikako Nobel Saria 1986

imagen ponente

Jean-Marie LEHN

Kimika Supramolekularra

Université de Strasbourg, Frantzia
Kimikako Nobel Saria 1987

imagen ponente

María MARTINÓN-TORRES

Paleoantropologia

CENIEH National Research Center of Human Evolution, Espainia

imagen ponente

Ginés MORATA

Genetika

Centro de Biología Molecular Severo Ochoa, Espainia

imagen ponente

Sir John PENDRY

Fotonika

Imperial College London, Erresuma Batua

imagen ponente

Christophe ROSSEL

Fisika

IBM Research- Zurich, Suitza

imagen ponente

Jean-Pierre SAUVAGE

Kimika

University of Strasbourg, Frantzia
Kimikako Nobel Saria 2016

imagen ponente

Maria VALLET-REGí

Biomaterial adimendunak

Universidad Complutense de Madrid (UCM)CIBER-BBN, Espainia

Biografia

ponente

Nekane BALLUERKA

Portaera Zientzien Metodologia
Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU)

  • Hitzaldi Nagusia | 10/03 Osteguna | Victoria Eugenia antzokia, Donostia | Guztientzat

Euskal Herriko Unibertsitatearen etorkizunari begira (UPV/EHU)

Miren Nekane Balluerka Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) errektorea da, eta Portaera Zientzien Metodologiako irakaslea, Psikologia Fakultatean.

Haren ikerketa lerroetako ikergai nagusiak dira, batetik, ebaluazio psikologikoa egiteko eta hura kulturartean egokitzeko tresnak elaboratzeko metodologia, eta bestetik, maila anitzeko ereduen aplikazioa, gertaera psikosozialen azterketetan.


Ibilbidea eta aintzatespenak

Nekane Balluerka Psikologian lizentziatu zen, Euskal Herriko Unibertsitatean, 1989an, eta doktoregoa eskuratu zuen unibertsitate berean, 1993an; sari berezia lortu zuen bietan. Lizentzia amaitzean, irakasle lana hasi zuen Psikologia Fakultatean. 2009. urteaz geroztik, Portaera Zientzien Metodologiaren arloko katedraduna da.

Irakasle gisa, bikaintasun ebaluazioa lortu du Docentiaz programan. Diruz lagundutako 43 ikerketa proiektutan parte hartu du, eta horietako hamarretan ikertzaile nagusia izan da. Egilekidea da ehundik gora artikulu zientifikotan, 26 liburutan eta 9 liburu kapitulutan. Hamar doktorego tesiren zuzendari izan da; horietako bik Europako aipamena izan zuten, bostek nazioarteko aipamena, batek Giza Euskal Errealitate saria eta seik UPV/EHUren doktoregoko sari berezia jaso zuten. Estatuko eta nazioarteko biltzarretan orotara 200 ekarpen egin ditu. Hogei bat hitzaldi eman ditu gonbidatu gisa, eta sinposio, mahai inguru, workshop eta uda ikastaro espezializatu asko koordinatu ditu.

Nekane Udako Euskal Unibertsitateko (UEU) kidea da, eta Portaera Zientzien Metodologiako Espainiako Elkarteko (AEMCCO) eta European Association of Methodology (EAM) elkarteko kide sortzailea.

Azken elkarte horren aldizkari ofizialeko editorea izan zen, 4 urtez (2011-2015): Methodology. European Journal of Research Methods for the Behavioral and Social Sciences.

Kanpoko aholkularia izan da 6 urtez, Kataluniako Unibertsitate Sistemaren Kalitaterako Agentzian (AQU). Postu hauek bete ditu: Psikologia Fakultateko dekanordea (2004-2006), Ikasketa Berrikuntza eta Kalitateko errektoreordea (2006-2009), eta Graduondoko Ikasketen eta Nazioarteko Harremanen arloko errektoreordea (2012-2016), Irakaslana Ebaluatzeko Unibertsitateko Batzordeko kidea (2007-2012), eta UPV/EHUn Gizakiekin Ikertzeko eta Irakaskuntza emateko Etika Batzordearen burua (2012-2013).

ponente

Barry BARISH

Fisika eta Astrofisika
Caltech eta UC Riverside, Estatu Batuak
Fisikako Nobel Saria 2017

  • Hitzaldi Nagusiak | 10/01 Asteartea | Victoria Eugenia antzokia, Donostia | Guztientzat
  • Hitzaldi Nagusia | 10/03 Osteguna | Museo Guggeheim, Bilbao | Guztientzat

Ezinbesteko pertsona grabitazio uhinen detekzioan

Barry Barish Estatu Batuetako fisikari bat da, 2017ko Nobel saria jaso zuena, Rainer Weiss eta Kip Thorne-rekin batera, “LIGO detektagailuari eta grabitazio uhinen behaketari egindako ekarpen erabakigarriengatik”.

2015ean, LIGO (Laser Interferometer Gravitational-Wave Observatory) behatokiak grabitazio uhin bat –espazio-denboraren ondulazio bat– detektatu zuen, milioika argi urteko distantziara zeuden bi zulo beltzen fusiotik zetorrena. Egiaztapenak egiten hilabeteak igaro ondoren, azkenean Einsteinek 1915ean Erlatibitatearen Teoria Orokorrean postulatutako grabitazio uhinak bazirela frogatu zen.

Mugarri zientifiko hori LIGOri esker lortu zen, doitasun handiko tresna bat, bi interferometro dituena, elkarren artetik milaka kilometrora kokatuta daudenak —bat Livingston-en (Louisiana) eta bestea Hanford-en (Washington), Estatu Batuak—. Bi interferometroek L formako beso kilometrikoak dituzte, espazio-denboraren perturbazio sotila hauteman zutenak, grabitazio uhinak Lurra zeharkatu zuenean.


Ibilbidea eta aintzatespenak

Fisikan graduatu zen (1957), eta energia handiei buruzko fisika esperimentaleko doktoregoa eskuratu zuen (1962) Kaliforniako Unibertsitatean, Berkeley-n. Doktorego ondoko egonaldi labur baten ondoren, Caltech-eko ikertzaile izatera iritsi zen, 1963an. Hasieran, esperimentuetan egin zuen lana, Stanford Linear Accelerator Center-ean eta Fermilab-ean. 2018an, Kaliforniako Unibertsitatearen fakultatera joan zen, Riverside-ra.

Fisikako Nobel sariaz gainera (2017), Barry Barishek prestigio handiko sari ugari jaso ditu, eta horien artean, honako hauek nabarmentzen dira: Klopsteg Memorial Award (2002), Titan of Physics (2016), Enrico Fermi saria (2016), Smithsonian Magazine-ren American Ingenuity Award saria (2016), Henry Draper domina (2017), Giuseppe eta Vanna Cocconi saria (2017), eta Asturiasko Printzesa saria (2017).

ponente

Dame Jocelyn BELL BURNELL

Astrofisika
Oxford University, Erresuma Batua

  • Hitzaldi Nagusiak | 09/30 Astelehena | Victoria Eugenia antzokia, Donostia | Guztientzat
  • Topaketak | 10/02 Asteazkena | Eureka! Zientzia Museoa, Donostia | Bigarren hezkuntzako ikasleeak

Pulsarra deskubritu zuen, unibertsoaren gaineko ikuspegia aldatu zuen neutroi izarra

Cambridgeko Unibertsitatean ikerkuntza laguntzale gisa lan egiten ari zenean, Ipar Irlandako Jocelyn Bell astrofisikariak irrati-teleskopio handi bat eraikitzen lagundu zuen, eta, 1967an, izugarri erregularrak ziren irratu-uhin batzuen seinaleak hauteman zituen. Harrituta, haren aholkulari Antony Hewish astrofisikariari galdetu zion, eta azken horren taldeak seinaleen iturri posibleak baztertzen igaro zituen hurrengo hilabeteak. Seinaleei LGM (Little Green Men) deitu zitzaien, bizitza estralurtarraren komunikazio saiakera izateko aukera zeharo txikiari erreferentzia eginez. Lan taldeak irrati uhinen zenbait patroi are erregularragoak aurkitu zituen, eta ondorioztatu zuen, hain zuzen, neutroi izarretatik zetozela. Pulsarrak aurkitu berri zituzten: gorputz super dentsoak eta oso magnetikoak, azkar biratzen dutenak eta irrati-uhin sorta estu bat igortzen dutenak.

Aurkikuntza zientifiko horrek 1974ko Fisikako Nobel sariaren aitortza jaso zuen, baina pulsarrak ikusi zituen lehena izan bazen ere, saria ez zuen Bell-ek jaso, haren ikuskatzaile Antony Hewish-ek eta Martin Ryle astronomoak baizik.

Orduz geroztik, Jocelyn Bell erreferente bat da mundu osoko ikasle gazteentzat eta emakume zientzialarientzat. Sari eta aitortza prestigiotsu ugari jaso ditu. Orain dela gutxi, 3 milioi dolar eman ditu Fisikarem alorrean ikertzaile izan nahi duten emakumeentzat eta gutxiengoetako kideentzat. Kopuru hori izan zen, hain zuzen, Bell-ek jaso zuena, Breakthrough Prize sari zientifikoaren Oinarrizko Fisikaren kategorian, 2018ko irailean.


Ibilbidea eta aintzatespenak

Fisika Naturalean (Fisika) lizentziatu zen Glasgoweko Unibertsitatean, 1965ean, eta doktoregoa, berriz, Cambridgeko Unibertsitatean lortu zuen, 1969an. Halaber, irakasle bisitaria izan zen Princetongo Unibertsitatean, Estatu Batuetan. Gaur egun, astrofisikako irakasle bisitaria da Oxfordeko Unibertsitatean, eta Oxfordeko Mansfield Collegeko kidea. Horrez gain, kargu hauek bete ditu: Erresuma Batuko Astronomiako Errege Elkarteko presidentea (2002- 2004), Fisikako Institutuko presidentea (2008-2011), Dublingo Trinity Collegeko errektoreordea, eta Edinburgoko Royal Societyko presidentea (2015-2017), Eskoziako Akademia Nazionala.

Jaso dituen sarien artean, hauek nabarmentzen dira: Filadelfiako Franklin Institutuaren Albert A. Michelson domina, 1973an; Ameriketako Filosofia Elkartearen Magellanic saria, 2000n; eta, Royal Societyren Errege Domina, 2015ean. Horrez gain, ohorezko titulu ugari jaso ditu, eta Royal Societyko eta beste bost akademiatako kidea da. 2007an, Isabel II.ak dama izendatu zuen. Jocelyn Bell-ek zientziaren komunikazioan egin duen ekarpen apartak Royal Societyren aintzatespena jaso zuen, Michael Faraday sariaren bidez, 2010ean.

ponente

Juan Ignacio CIRAC

Fisika Teorikoa
Max Planck Institut für Quantenoptik, Garching, Alemania

  • Hitzaldi Nagusiak | 10/01 Asteartea | Victoria Eugenia antzokia, Donostia | Guztientzat
  • Topaketak | 10/02 Asteazkena | Eureka! Zientzia Museoa, Donostia | Bigarren hezkuntzako ikasleeak

Ordenagailu kuantikoaren ideologoetako bat

Juan Ignacio Cirac Espainiako fisikari bat da, eta fisika kuantikoa konputaziora aplikatzeko ideia garrantzitsuenetako batzuk proposatu ditu. Ordenagailu kuantikoaren ideologoetako bat da. Hemezortzi urte daramatza Optika Kuantikoaren Max Planck Institutua zuzentzen, eta Asturiasko Printzea saria (2006) eta Wolf saria (2013) jaso ditu.

Haren ikerlana informazioaren teoria kuantikoan eta konputazio kuantikoan oinarritzen da. Konputazio kuantikoaren oinarrian dagoen paradigma ez da oraingo konputazioarena —bitetan oinarritutakoa— bezalakoa, non informazioa bi egoeratan bakarrik lantzen baita: zero edo bat (piztuta edo itzalita). Aldiz, teknologia kuantikoak bion gainezarpenaz ere egiten du lan, "bit kuantikoak” edo “qubit” izenekoak erabilita. Ondorio nagusia da ordenagailu konbentzional batek bideratu ezin dituen zenbait arazo bideragarriak direla ordenagailu kuantiko batean.


Ibilbidea eta aintzatespenak

Fisikan lizentziatu zen Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean, 1988an, eta doktoregoa eskuratu zuen, 1991n. Gaztela-Mantxako eta Innsbruck-eko (Austria) unibertsitateetan irakasle izan ondoren, 2001. urteaz geroztik Optika Kuantikoko Max Planck Institutuko (Garching, Alemania) zuzendaria da, eta ohorezko irakaslea, Municheko Unibertsitate Teknikoan.

Espainiako eta Alemaniako (Leopoldina) Zientzien Errege Akademietako kidea da, eta urgazlea, berriz, Austria, Zaragoza eta Bartzelonako zientzien akademietan. Era berean, Amerikako Fisika Elkarteko kidea da. Haren lanak sari asko jaso ditu, eta horien artean, hauek nabarmentzen dira: Austriako Zientzien Akademiaren Felix Kuschenitz saria (2001), Europako Fisika Fundazioaren Quantum Electronics saria (2005), Asturiasko Printzea saria (2006), Blas Cabrera Ikerketako Sari Nazionala (2007), Jakintzaren Mugak BBVA Fundazioaren saria (2009), Franklin domina (2010), Niels Bohr domina (2013), Wolf saria (2013), Hanburgo hiriaren Fisika Teorikoaren saria (2015), eta, orain dela gutxi, Alemaniako Fisika Elkartearen Max Planck domina eta aurki Micius Fundazioaren (Txina) Micius Quantum saria jasoko du (2019).

ponente

Claude COHEN-TANNOUDJI

Fisika
École Normale Supérieure (ENS), Frantzia
Fisikako Nobel Saria 1997

Laser argiaz atomoak harrapatzera jolasten zen fisikaria

Claude Cohen-Tannoudji Konstantinan (Aljeria) jaiotako fisikari frantziarra da. Aitzindaria dugu laser argia erabilita atomoak frenatzeko, hozteko eta harrapatzeko erabil daitezkeen askotariko mekanismoen ikerketan. Egindako ekarpenengatik, Fisikako Nobel saria jaso zuen 1997an, Steven Chu eta Willian Daniel Phillips-ekin batera.

Cohen-Tannoudji eta haren taldea lehenak izan ziren atomoak oso tenperatura baxuetara hozten: gradu milioiren batetik behera, zero absolutuaren (-273 ºC) gainean. Cohen-Tannoudjik eta haren kolaboratzaileek diseinatutako tekniketatik aplikazio espezifiko ugari sortu dira; hala nola doitasun handiko ordulari atomikoak eta interferometro atomikoak, eta grabitate indarra eta errotazio abiadura neurtzeko girometroak. Teknika horiek funtsezkoak izan dira, halaber, materiaren egoera berriak produzitzeko; hala nola Bose-Einstein kondentsatuak.


Ibilbidea eta aintzatespenak

Doktoregoa 1962an amaitu zuen Parisko École Normale Supérieure-n (ENS). 1960. urtean, Ikerketa Zientifikoen Zentro Nazionalean sartu zen (Centre National de la Recherche Scientifique-CNRS), eta bertan egon zen 1964ra arte, urte hartan Parisko Unibertsitateko irakasle izendatu baitzuten. 1973an, fisika atomiko eta molekularreko katedradun izendatu zuten, Parisko Collège de France prestigiotsuan, eta urte asko eman zituen kargu horretan. Cohen-Tannoudji irakasleak, bere irakaskuntza esperientziaz baliatuta, hainbat testuliburu argitaratu zituen, eta gaur egun oso estimatuak dira fisikako unibertsitate ikasleen artean.

Cohen-Tannoudjik, Nobel sariaz gainera, sari ugari jaso ditu bere ibilbide profesionalean. Horien artean, hauek nabarmentzen dira: Gazte Domina eta Saria optikaren arloan egindako ikerketengatik (1979), Charles Hard Townes saria (1993), CNRSren Urrezko Domina (1996) eta Ohorezko Legioa (2010).

ponente

Pamela DIGGLE

Botanika
University of Connecticut, Estatu Batuak

  • Hitzaldi Nagusia | 10/04 Ostirala | Barluarte, Iruñea | Guztientzat
  • Hitzaldi Nagusiak | 10/05 Larunbata | Victoria Eugenia antzokia, Donostia | Guztientzat

Landareen eboluzioaren deszifratzailea

Pamela Diggle landareetan espezializatutako biologo prestigiotsu bat da. Haren ikerlanen xedea eboluzioak landareen garapenean nola eragiten duen argitzea da. Era berean, Americal Journal of Botany aldizkariaren argitaratzailea da.

Bere arloaren barruan, ingurunearen baldintza txarrek landareetan duten eragina, elkarrekiko lotura estua duten landare taldeen eboluzioa eta landare loredunen arteko desberdintasunak ikertu ditu. Landareen garapen ebolutiboa aztertzeko, Digglek haien adierazpen genikoa, haien zelulen eta ehunen ezaugarriak eta bizitzan agertzen dituzten ezaugarriak aztertzen ditu.


Ibilbidea eta aintzatespenak

Kaliforniako Unibertsitatean, Santa Barbaran, ikasketak egin ondoren, hainbat urte igaro zituen San Diegoko basamortuaren ondoko estatu parke batean lan egiten, eta, gehiengoaren pertzepzioaren aurka, bertako landareen dibertsitate harrigarria dibulgatzen.

Connecticuteko Unibertsitatearen Ekologia eta Biologia Ebolutiboa (Estatu Batuak) sailaren burua eta katedraduna da. Botanikaren arloan, programako ofiziala izan da US National Science Foundation-en —Estatu Batuetako gobernuaren agentzia bat— eta Botanical Society of Amerika elkarteko presidentea. Landareekiko duen grina partekatzeko lanean ari da buru belarri, unibertsitateko irakaskuntzan eta graduondoko ikasleentzako uda ikastaro trinkoak ematen, baita lehen hezkuntzako ikasleei eskolak ematen ere eskualde urrunetan; hala nola Alaskan.

ponente

Albert FERT

Materia Kondensatuaren Fisika
Université Paris-Saclay, Frantzia
Fisikako Nobel Saria 2007

  • Hitzaldi Nagusiak | 10/01 Asteartea | Victoria Eugenia antzokia, Donostia | Guztientzat
  • Topaketak | 10/04 Ostirala | Museo Guggeheim, Bilbao | Bigarren hezkuntzako ikasleeak

Ahalik eta informazio kantitate handiena espaziorik txikienean

Albert Fert fisikari frantziar bat da. 1988an, magnetoerresistentzia erraldoia (GMR) aurkitu zuen; geruza anitzeko nanoegituren erresistentzia elektrikoaren beherakada nabarmena, eremu magnetiko bat aplikatzean induzitua. Aldi berean eta bere kabuz, Peter Grünberg-ek ere GMRa deskubritu zuen. Biei batera eman zieten 2007ko Fisikako Nobel Saria.

GMRaren aurkikuntza espintronikaren sorreratzat hartzen da; ikerketa arlo hori elektronika mota berritzat jotzen da, elektroien karga elektronikoa ustiatzeaz gain haien magnetismoa ere (haien spina) baliatzen duena. Arlo hori garatzeko ekarpen asko Albert Fertek egin ditu. GMRak eta espintronikak aplikazio garrantzitsuak dituzte jada. Jakina da GMR irakurtzeko buruak disko gogorretan sartzeak izugarri handitu duela haien informazio gaitasuna. Espintronikaren beste propietate batzuk M-RAMetan ustiatzen ari dira; espero da nanogailu horiek laster hobetzea ordenagailuen teknologia eta nabarmen murriztea haien energia kontsumoa.

Gaur egun, Fert irakasleak nanofisikan ikertzen jarraitzen du. Azken hamarkadan, aitzindaria izan da skyrmion izeneko kuasipartikula magnetikoak ikertzen; espintronikaren arlo berri bat da, etorkizun oparoa duena Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologietarako. Egun, materia topologikoen fisika ere interesatzen zaio. Euskal Herriko zientzia zorionekoa da, datozen hilabeteetan zientzialari entzutetsu hau ikertzaile berri bezala hasiko baita Euskal Herriko Unibertsitatean (UPV/EHUn) eta DIPCn.


Ibilbidea eta aintzatespenak

Albert Fert Carcasonan (Frantzia) jaio zen. Matematikan eta fisikan graduatu zen, École Normale Supérieure-n (Frantzia). 1970ean, doktoregoa amaitu zuen Université Paris-Sud-en, non katedradun gisa diharduen 1976az geroztik. Gaur egun, unibertsitate horretako irakasle emeritua da. 1995ean Unité Mixte de Physique CNRS/Thales sortu zuen ikertzaileetako bat izan zen, Centre National de la Recherche Scientifique-ren (CNRS) eta Thales Group konpainiaren arteko lankidetza unitate bat, zeinaren zuzendari zientifikoa izan baita hasieratik.

Nobel Sariaz gainera, Albert Fertek aitortza ugari jaso ditu: besteak beste, American Physical Society-k ematen duen International Prize for New Materials (1994) eta Fisikako Wolf Saria (2006). Frantziako Zientzien Akademiako kidea da eta Honoris Causa Doktorea mundu osoko hamabi bat unibertsitatetan.

ponente

William FRIEDMAN

Botanika
Harvard University, Estatu Batuak

  • Bertso Passion | 10/02 Asteazkena | Victoria Eugenia antzokia, Donostia | Guztientzat
  • Hitzaldi Nagusia | 10/03 Osteguna | Victoria Eugenia antzokia, Donostia | Guztientzat

Botaniko bildumazalea

William Friedman botanikoa ezaguna da nazioartean, haziekin landareen historia ebolutiboari buruz egin dituen ikerketei esker. Gaur egun, Arnold Arboretum Harvardeko Unibertsitateko lorategi botanikoko zuzendaria da; bertan, 15.000 landaretik gorako bilduma bat dute.

Arboretuma, berez, ospe handiko laborategi bat da, nazioarteko zientzialari bisitariak erakartzen dituena mundu osotik. Gainera, bertako ikertzaileek munduan barrena bidaiatzen dute, landareak beren ingurune naturalean bildu eta aztertzeko. Zientzialari horiek era askotako erronkei aurre egiteko prestatzen dira, klima aldaketatik hasita genomikara.

Friedmanen lanak garapenaren biologiaren, filogenetikaren eta biologia ebolutiboaren arteko interrelazio organikoak aztertzen ditu, landare loredunen jatorria eta ondorengo dibertsifikazioarekin batera. Gainera, historia ebolutiboa asko interesatzen zaio, eta liluratuta jarraitzen du Charles Darwinen Espezien jatorriarekin. Gaur egun, “Darwinen zientzia ezagutzen” izeneko mintegi bat ematen du Harvarden, non ikasleek Charles Darwinen hainbat esperimentu berregiten dituzten (ikasleek deskubritzen dute, esate baterako, ea lurreko zizareek piano edo fagotaren soinuari erantzuten dioten), eta gai bakoitzari buruzko korrespondentzia irakurtzen dute.


Ibilbidea eta aintzatespenak

William (Ned) Friedman Harvardeko Unibertsitatearen Organika eta Biologia Ebolutiboko saileko Arnold Professor da, eta, era berean, unibertsitate bereko Arnold Arboretumaren zortzigarren zuzendaria, 144 urteko historian.

Aipamen bereziaz graduatu zen biologian, Oberlin Collegen (1981), eta botanikako doktoregoa eskuratu zuen, Kaliforniako Unibertsitatean, Berkeleyn (1986).

Haren ibilbide luzean, ikertzen aritu da Arizonako Unibertsitatean, Georgiako Unibertsitatean eta Coloradoko Unibertsitatean, eta hainbat aitortza jaso ditu; tartean, National Science Foundation-en gazte ikertzailearen sari presidentziala (1991), Georgiako Unibertsitatearen Ikerketa Sortzailearen domina (1993), eta Amerikako Botanika Elkartearen Pelton saria (2004). Londresko Linnean Societyko eta Zientziaren Aurrerapenerako Amerikako Elkarteko kidea ere bada.

ponente

Serge HAROCHE

Fisika
Collège de France, Frantzia
Fisikako Nobel Saria 2012

  • Hitzaldi Nagusiak | 09/30 Astelehena | Victoria Eugenia antzokia, Donostia | Guztientzat

Mekanika kuantikoa laborategi batean gertatzen denean

Duela mende bat, Max Planck alemaniarrak Fisikako Nobel Saria irabazi zuen energia kuantuak deskubritu eta mekanika kuantikoaren bidea irekitzeagatik. Serge Harochek Nobel Saria irabazi zuen 2012an mekanika kuantikoa laborategiaren errealitatean probatzeagatik. Haroche fisikari frantziarra da eta esperimentu burutsuak diseinatu ditu materiak eta argiak elkarri eragiten diotenean sortzen diren fenomeno kuantikoak aztertzeko. Fotoiak atzemateko gai izan da tranpa gisa argi izpiek errebotatzeko bi ispilu erabilita eta, hala, sistema kuantiko indibidualak neurtu eta manipulatzeko aukera sortuta. Arlo horretan eginiko ekarpenei esker, Nobel Saria jaso zuen 2012an, David J. Wineland-ekin batera.

Harochek laser espektroskopiarako metodo berriak garatu zituen, taupada kuantikoen eta supererradiantziaren ikerketan oinarrituta. Ondoren, Rydberg-en atomoetara igaro zen; mikrouhinekiko bereziki sentikorrak diren egora atomiko erraldoi horiek egokiak izaten dira argiaren eta materiaren arteko interakzioak aztertzeko. Hala, frogatu zuen atomo horiek, fotoi gutxi batzuk dituen barrunbe supereroale bati akoplatuta, oso egokiak direla dekoherentzia kuantikoa probatzeko eta informazio kuantikoa tratatzeko beharrezkoak diren logika kuantikoko eragiketak egiteko.


Ibilbidea eta aintzatespenak

Serge Haroche Casablancan jaio zen, Marokon. Hamabi urte zituela, Frantziara joan zen bizitzera. Ecole Normale Supérieure (ENS) delakoan graduatu zen eta Paris VI Unibertsitatean egin zen doktore, 1971n, Claude Cohen-Tannoudji-ren (Fisikako Nobel Saria 1997an) zuzendaritzapean. Stanfordeko Unibertsitatean doktorego ondoko bisitaldi bat egin ostean, Paris VI Unibertsitateko irakasle titular bilakatu zen 1975ean, eta kargu hori bete du 2001. urtera arte, Collège de France-ko katedradun izendatu zuten arte (Fisika Kuantikoko katedran). Horretaz gain, Maître de Conference izan da École Polytechique (1974-1984) delakoan, Harvardeko irakasle bisitari (1981), denbora partzialeko irakasle Yale Unibertsitatean (1984-1993), Institut Universitaire de Franceko kide (1991-2000) eta ENSko Fisika Saileko presidente (1994-2000). 2012ko irailean Collège de Franceko administrari izendatu zuten (erakunde horretako presidente izatearen baliokidea). 2015etik Collège de Franceko irakasle emeritua da.

Nobel Sariaz gain, hamaika sari eta aintzatespen jaso ditu. 1992an Humboldt Saria irabazi zuen, 1993an Franklin Institutuko Albert A. Michelson Domina, 2007an Charles Hard Townes saria, eta 2009an CNRSko Urrezko Domina. Frantziako eta Europako Zientzia Akademietako kide da, eta Ameriketako Estatu Batuetako Zientzia Akademia Nazionaleko kide atzerritar. Bestalde, Brasil, Kolonbia, Maroko eta Errusiako zientzia akademietako kide ere bada.

ponente

Dudley HERSCHBACH

Fisika-Kimika
Harvard University, Estatu Batuak
Kimikako Nobel Saria 1986

  • Passion for Wolframium | 10/01 Asteartea | Seminarixoa, Bergara | Bigarren hezkuntzako ikasleeak
  • Bertso Passion | 10/02 Asteazkena | Victoria Eugenia antzokia, Donostia | Guztientzat
  • Hitzaldi Nagusiak | 10/05 Larunbata | Victoria Eugenia antzokia, Donostia | Guztientzat

11 urte zituela zientziaz maitemindu zen haur baserritarra

Dudley Herschbach fisikari-kimikari bat da, 1959an molekula sorta gurutzatuei buruzko esperimentuak egiten hasi zena. Hasieran, kimikari gehienek “talka bakarreko kimika” baten ikuspegia baztertu zuten, erradikalegia zela iritzita. Ostera, sorta gurutzatuek argi eta garbi berretsi zuten erreakzio bat oinarrizkoa dela eta haren propietate dinamikoak ikertzeko balio izan zuten. Ikerketa egin zen, eta aparteko dohainak zituzten graduondoko eta doktorego ondoko ikasle abenturazaleak erakarri zituen. 1986an, Herschbach-ek Kimikako Nobel saria jaso zuen, Yuan T. Lee kolaboratzailearekin eta Kanadako John C. Polanyi kimikariarekin batera.

Herschbach hezkuntza eta kultura zientifikoaren defendatzaile handia da. Hitzaldiak ematen ditu adin guztietako ikasleen aurrean, eta zientzia eta aurkikuntzen aldeko grina transmititzen die.


Ibilbidea eta aintzatespenak

San Joseko (Kalifornia) etxalde batean jaio zen, eta landa eta nekazaritza eremu batean hazi zen (Silicon Valley-ra joan aurretik!). Ez zuen espero unibertsitatera joatea, eta are gutxiago, irakasle edo zientzialari izatea; alabaina, lortu egin zuen, irakasle inspiratzaileei eta beka eskuzabalei esker. Matematiketan graduatu zen Stanfordeko Unibertsitatean (1954), eta kimikako masterra eskuratu zuen (1955). Gero, Harvardeko Unibertsitatean, Fisikako Masterra eskuratu (1956), eta fisika-kimikan doktoratu zen (1958). Irakasle lanak egin zituen Berkeleyko Unibertsitatean, Kalifornian, eta gero Harvardera itzuli zen, Kimikako Katedradun gisa (1963). Harvarden 40 urte luze egin ondoren, irakasle emeritu izendatu zuten (2003). Orduz geroztik, fisikako irakaslea da lanaldi partzialean hainbat lekutan, eta ikertzen jarraitzen du.

Amerikako Arteen eta Zientzien Akademiako kidea da Herschbach, baita Zientzien Akademia Nazionaleko, Amerikako Filosofiako Elkarteko eta Erresuma Batuetako Kimikako Errege Elkarteko kidea ere. Kimikako Nobel sariaz gainera, askotariko sariak jaso ditu, hala estatu mailakoak nola nazioartekoak. Horien artean daude Zientziaren Domina Nazionala, Kimikako ACS saria, Linus Pauling domina, Irving Langmuir saria eta Amerikako Kimikarien Institutuaren urrezko domina.

ponente

Jean-Marie LEHN

Kimika Supramolekularra
Université de Strasbourg, Frantzia
Kimikako Nobel Saria 1987

  • Hitzaldi Nagusia | 10/03 Osteguna | Victoria Eugenia antzokia, Donostia | Guztientzat
  • Hitzaldi Nagusia | 10/04 Ostirala | Barluarte, Iruñea | Guztientzat

Kimika supramolekularraren aita

Frantzian jaioa, Jean Marie Lehnek Kimikako Nobel saria jaso zuen, 1987. urtean, Charles J. Pedersen eta Donald J. Cram-ekin batera, “molekulen ezagutzaren” (hau da, molekulek nola ezagutzen duten elkar eta nola lotzen diren modu selektibo batean) oinarri kimikoaren gaineko lanarengatik, horrek ere funtsezko eginkizuna baitu prozesu biologikoetan. Urteetako lanaren ondorioz, eremu berri bat definitu zuen kimikaren barruan, “kimika supramolekularra” deitzea proposatu dena; izan ere, molekularteko indar ez-kobalenteez elkartutako bi espezie kimiko edo gehiagoren loturaz eratutako entitate konplexuak ikertzen dira. Gero, eremu horrek eboluzionatu zuen “auto-antolatutako” prozesuen kimika bihurtzeko, eta berriki izandako garapenaren ondorioz, “kimika moldakorrera”, sare dinamikoetara eta sistema konplexuetara hurbildu da.


Ibilbidea eta aintzatespenak

Lehnek kimika ikasi zuen Estrasburgoko Unibertsitatean, eta han eskuratu zuen doktoregoa, 1963an. Behin doktore maila lortuta, urtebeteko egonaldia egin zuen Harvardeko Unibertsitatearen Robert Burns Woodward laborategian, B12 bitaminaren sintesi osoa egin zuen ikertaldeko kidea izanik. Era berean, mekanika kuantikoko ikastaro bat egin zuen, eta bere lehen kalkuluak egin zituen, Road Hoffmann-ekin batera. 1964an, handik denbora batera Woodward-Hoffmann-en arauak izenez ezagutuko zirenen lehen urratsen lekukoa izan zen.

1966an, irakasle postu bat lortu zuen Estrasburgoko Unibertsitatean, eta han bere laborategia sortu zuen, non konposatu organikoen kimika fisikoaren arloa landu baitzuen, kimika organikoan, teoria kuantikoan eta metodo fisikoetan eskuratutako esperientzia praktikan jarriz. 1970ean, Estrasburgoko Louis Pasteur Unibertsitatearen Kimika Organikoko katedra lortu zuen, eta 1979-2010 urteen bitartean irakasle lanak egin zituen Collège de Francen, Parisen. Gaur egun, Estrasburgoko Unibertsitatearen Ikasketa Aurreratuen Institutuko (USIAS) irakaslea da. Azken ikerketa lerroetan, espezie supramolekularren ezagutza, garraioa eta propietate katalitikoak eta haien fase antolatuko ezaugarriak konbinatu zituen, etorkizunean molekulen mailan seinaleak eta informazioa prozesatu ahal izango zituzten gailu molekularrak diseinatzeko asmoz.

Lehn hainbat akademia eta erakunde zientifikotako kidea da, eta nazioarteko sari eta aitortza ugari jaso ditu; hala nola Humboldt saria (1983), Royal Society-ren Davy domina (1997) eta zientziarako ISA domina (2006). Halaber, Alemaniako Errepublika Federalaren Merezimenduaren Ordena jaso du (2009), eta Frantziako Ohorezko Legioaren Ofizial Handi izendatu dute (2014), besteak beste.

ponente

María MARTINÓN-TORRES

Paleoantropologia
CENIEH National Research Center of Human Evolution, Espainia

  • Hitzaldi Nagusia | 10/02 Asteazkena | Victoria Eugenia antzokia, Donostia | Guztientzat
  • Bertso Passion | 10/02 Asteazkena | Victoria Eugenia antzokia, Donostia | Guztientzat
  • Topaketak | 10/04 Ostirala | Museo Guggeheim, Bilbao | Bigarren hezkuntzako ikasleeak

Gure espeziearen jatorriaren bila

María Martinón Torres mediku eta paleoantropologo espainiarra Atapuercako ikertaldeko kidea da, 1998. urteaz geroztik, eta Giza Eboluzioari buruzko Ikerketa Zentro Nazionalaren (CENIEH) zuzendaria, 2017. urteaz geroztik. Hominidoen hortzeriari buruzko nazioarteko hainbat proiektutan parte hartu du, eta Europako hominido zaharrenaren hortzak ikertu ditu.

Haren ikerlanetan, hominidoen paleobiologia, inplikazio taxonomikoak eta filogenetikoak dituen hortz aparatuaren eboluzioa, eboluzio egoerak eta paleopatologia aztertu ditu, gehienbat.

Atapuercan eta Dmanisi-n (Georgia), non Afrikatik kanpoko giza aztarna zaharrenak, 1,8 milioi urtekoak, aurkitu zituzten, aldi berean egindako lanen ondorio gisa, lehen europarraren jatorria Asia izan zela iradoki dute, eta ez Afrika. Txinan egin duen lanak Afrikatik kanpo gure espezieak izandako lehen hedapenaren kronologiari buruzko teoriak zalantzan jarri ditu.


Ibilbidea eta aintzatespenak

Medikuntza eta Kirurgia ikasi zuen Santiago de Compostelako Unibertsitatean, Lizentziaturako Sari Berezia eskuratuta eta han lortu zuen Galiziako Medikuntza eta Kirurgia Akademiaren saria ere. Unibertsitate berean eskuratu zuen doktoregoa, Medikuntzako eta Kirurgiako Doktorego Sari Berezia lortuta. Hominido fosilen hortzeriaren analisiari buruzko tesia egin zuen, eta batera zuzendu zuten Jose Maria Bermudez de Castrok, Atapuercako mendilerroko indusketen zuzendarikideak, eta Ángel Carracedok, Santiago de Compostelako Auzitegi Medikuntzako Institutuaren zuzendariak.

Antropologia Forentsean espezializatu zen, Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean, eta Giza Eboluzioan, Bristolgo Unibertsitatean. 1998an, Atapuercako ikertaldean sartu zen, eta 2007tik 2015era hominidoen hortzen antropologiari buruzko ikertaldearen arduraduna izan zen, Giza Eboluzioari buruzko Ikerketa Zentro Nazionalean (CENIEH). 2015. urteaz geroztik, Londresko Univesity Collegeren (UCL) Antropologia saileko irakaslea da. 2017ko abenduaren 11n, Giza Eboluzioari buruzko Ikerketa Zentroaren (CENIEH) zuzendari kargua hartu zuen, eta 2018an, UCLko ohorezko irakasle izendatu zuten. Giza eboluzioari buruzko eskola magistralak eta uda ikastaroak ematen ditu, eta masterreko eta doktoregoko ikasleen lanak gainbegiratzen ditu Espainian eta atzerrian.

Hamar liburu edo liburuen kapitulu baino gehiago argitaratu ditu, giza eboluzioaren arloan, eta 90 artikulutik gora, nazioarteko aldizkari zientifikoetan. Thomson Reuters-ek bere arloan gehien aipatutako egileen Top % 1ean sartu zen haren lana. 2019. urteaz geroztik, Zientziarako Gadea Fundazioaren Aholku Batzorde Zientifikoko kide gonbidatua da. Antropologiako Errege Institutuak 2019ko Rivers Memorial domina ematea erabaki du, antropologiaren arloan egindako ekarpen bikainaren aitortza modura.

ponente

Ginés MORATA

Genetika
Centro de Biología Molecular Severo Ochoa, Espainia

  • Hitzaldi Nagusia | 10/02 Asteazkena | Victoria Eugenia antzokia, Donostia | Guztientzat

Eulitik gizakira

Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean lizentziatu zen Zientzia Biologikoetan, eta doktoregoa lortu zuen 1973an. Gaur egun, Ikerketa Zientifikoen Goi Kontseiluko (CSIC) eta Madrilgo Unibertsitate Autonomoko Severo Ochoa Biologia Molekularreko Zentroko Ikerketako irakaslea da. Zentro horretako zuzendaria izan zen 1990-1991 artean.

Garapen genetikaren diziplinan aditua da Morata irakaslea, eta 50 urte daramatza arlo horretan lanean. Ozpinetako Drosophila melanogaster eulia erabiltzen du animalia eredu gisa, organismo horretan gainontzeko animalia espezietan egin ezin diren esperimentuak egiten uzten duen teknologia genetiko indartsua garatu baita. Morata irakaslearen ikerkuntzek Drosophilaren gorputzaren arkitektura genetikoa argira atera zuten, eta gerora aditzera eman zen arkitektura horrek Animalia Erreinu osorako balio zuela, bai eta giza espezierako ere. Morata irakasleak “norgehiagoka zelular” fenomenoa deskubritu zuen: animalia ehunetan nahi ez diren zelulen ezabapen prozesu bat da, metazoo guztietan kontserbatzen dena, eta homeostasi tisularrean nahiz minbizia ezabatzean ere garrantzi handiko papera jokatzen duena.


Ibilbidea eta aintzatespenak

Morata irakasleak ikerketa-lanak egin ditu hainbat erakundetan, hala nola Ingalaterrako Cambridge eta Oxford Unibertsitateetan, Kaliforniako Unibertsitatean eta Frantziako eta Suitzako zenbait zentrotan. Halaber, hainbat sari jaso ditu, besteak beste: Santiago Ramón y Cajal Ikerkuntza Sari Nazionala (2002), Andaluziako Urrezko Domina (2003), Zientzia eta Teknologiako México Saria (2004) eta Ikerketa Zientifikoko eta Teknikoko Asturiasko Printzea Saria (2007). Duela gutxi Royal Societyko 2017 “Foreign member” izendatu dute, eta 2018an, berriz, US National Academy of Sciences erakundeko “Foreign member”.

ponente

Sir John PENDRY

Fotonika
Imperial College London, Erresuma Batua

  • Hitzaldi Nagusia | 10/02 Asteazkena | Victoria Eugenia antzokia, Donostia | Guztientzat

Ikusezintasun geruzaren diseinatzailea

Sir John Pendry fisikari britainiarrak naturan aurkitu ezin diren hainbat metamaterial edo material artifizial erabat berriak —bereziki errefrakzio indize negatiboa dutenak— proposatu zituen teorikoki. Material horien propietate optikoak zirela eta, argia, objektu batengana iristean, tolestu egiten zen, eta haren inguruan edukiontzi moduko bat sortzen zen, ikusezin bihurtzen zuena mikrouhinen aurrean. Pendryk “Science” aldizkarian argitaratu zuen proposamen hura, 2006an. Hala, lehen ikusezintasun geruza asmatu zuen.

Hainbat metamaterialen garapenak ekarri du “lente perfektuaren” zenbait prototiporen diseinua ere; alegia, uhin luzeraren eraginez irismena mugatzen ez zaien lenteak. Lente normal batekin alderatuta, lente perfektu horrek birus bat ikustea ahalbidetzen du begi hutsez edo argia bera baino txikiagoak diren gauzak (molekulak, baita atomoak ere).


Ibilbidea eta aintzatespenak

Ingalaterran jaioa, Londresko Imperial Collegeko (Erresuma Batua) Blackett laborategian egiten du lan, 1981. urteaz geroztik. Haren ibilbidea Cambridgeko Unibertsitatearen Cavendish laborategian hasi zen, eta gero Science and Technology Facilities Councileko (Erresuma Batua) Daresbury laborategiaren teoria taldea zuzendu zuen, sei urtez.

John Pendry Londresko Imperial Collegeko Fisikako sailaren zuzendaria izan zen, eta Fisika Zientzien Fakultateko dekanoa. Jaso dituen aitortzen zerrenda luzean, honako hauek daude, besteak beste: Royal Societyko kide izendatu zuten (1984), eta ohorezko kidea da Cambridgeko Unibertsitatearen College Downingen. Jaso ditu, halaber, Dirac saria (1996), Royal Societyren errege domina (2006), eta ‘Sir’ titulua, zientziari emandako zerbitzuengatik (2004). Orain dela gutxi, Amerikako Estatu Batuetako Zientzien Akademia Nazionalaren bazkide atzerritar hautatu dute. 2013. urtean, Fisikako Institutuak Newton domina eman zion; 2014an, Nanoteknologiako Kavli saria jaso zuen; eta, 2016an, ³Šand the Dan David.

ponente

Christophe ROSSEL

Fisika
IBM Research- Zurich, Suitza

  • Hitzaldi Nagusiak | 10/04 Ostirala | Victoria Eugenia antzokia, Donostia | Guztientzat
  • Topaketak | 10/04 Ostirala | Museo Guggeheim, Bilbao | Bigarren hezkuntzako ikasleeak

Fisikari esperimental bat, etorkizuneko elektronikarako

Christophe Rossel fisikari esperimental bat da, espezializatuta dagoena material aurreratuen ikerketan eta, bereziki, industria elektronikoaren oinarri diren sistema erdieroaleen propietateen deskribapenean. IBM enpresan egin duen lanaren zati handi bat azken belaunaldiko transistoreetan sar daitezkeen materialen garapenera bideratu da, eta, horrez gainera, primeran ezagutzen ditu ikertzaileek eta enpresek etorkizunari begira aztertzen ari diren konputazio paradigmak.


Ibilbidea eta aintzatespenak

Christophe Rossel fisikaria suitzarra da. Neuchâteleko Unibertsitatean ikasi eta Fisikan graduatu zen, 1975ean. Filadelfiako Temple Universityn (AEB) irakatsi zuen zenbait ikasketa osagarri egin ondoren, Genevako Unibertsitatera joan zen, eta han Materia Kondentsatuaren Fisikako doktoregoa lortu zuen, 1981ean. Suitzako hiri hartan egin zituen doktorego ondoko ikasketak, eta gero, Kaliforniako Unibertsitatean (UCSD), San Diegon, jarraitu zuen bere ibilbidea; hasieran, ikertzaile zientifiko elkartua izan zen, eta, gero, irakaslea. Kaliforniako unibertsitatean (1983-87), supereroankortasunaren eta estuki erlazionatutako sistemen arloan egin zuen lan.

1987an, IBM Research - Zurich Laboratoryrekin elkartu zen, Suitzan, ikertzaile gisa. Han, jardueren buru izan zen; lehendabizi tenperatura handiko supereroaleekin eta gero erdieroaleekin jardun zuten eta, bereziki, errendimendu handiko gailu elektronikoetarako material funtzional berrien sarrera landu zuten, logikako eta memoriako aplikazioetarako. IBM Research–Zurich zentroan hartu zuen erretiroa, baina afiliatuta jarraitzen du ikertzaile emeritu gisa. Patente eta argitalpen zientifiko ugarien egilea da.

C. Rosselek IBMren Ikerketa Dibisioaren hainbat sari jaso ditu, Lorpen Tekniko Bikainei emandako saria nabarmenduz. Fisikako Institutuko (Erresuma Batua, IOP FInstP) eta European Physical Societyko (EPS) kidea da. Fisikaren Nazioarteko Urtearen zuzendaritza batzordeko kide aktiboa izan zen, 2005ean. Estatu eta nazioarte mailako elkarte zientifikoetan eta aztergai zientifikoetan izandako esperientzia luzeak Suitzako Fisikako Elkarteko (2008-12) eta European Physical Societyko (2015-17) presidente izatera eraman zuten. 2016. urteaz geroztik, Europako Batzordearen Ikerketa eta Berrikuntza Zuzendaritza Nagusiak ezarritako Goi Mailako Aholkularitza Taldearen Zientzia Irekiko Politika Plataformako (OSPP) kidea da, Bruselan. 2018an, Suitzako Zientzien Akademiako Batzorde Betearazleko kide egin zen, eta bertan egin du lan matematika, astronomia eta fisikako plataforman.

ponente

Jean-Pierre SAUVAGE

Kimika
University of Strasbourg, Frantzia
Kimikako Nobel Saria 2016

  • Topaketak | 10/02 Asteazkena | Eureka! Zientzia Museoa, Donostia | Bigarren hezkuntzako ikasleeak
  • Bertso Passion | 10/02 Asteazkena | Victoria Eugenia antzokia, Donostia | Guztientzat
  • Hitzaldi Nagusia | 10/03 Osteguna | Museo Guggeheim, Bilbao | Guztientzat
  • Hitzaldi Nagusiak | 10/04 Ostirala | Victoria Eugenia antzokia, Donostia | Guztientzat

Makina molekularren sortzailea: nanorobotak

Jean Pierre Sauvage Frantziako kimikari bat da, ezaguna nanoteknologiaren arloan egin dituen lanengatik; izan ere, horien bidez, molekulen mugimendua eragitea eta kontrolatzea lortu du. Sauvage irakaslearen taldeak lehenengo gihar molekularra asmatu zuen, eta, ikertzaile esperimentalen talde baten laguntzaz, zortzi nanometroko objektu bat sortu zuen, molekula baten seinalea jasotzean uzkurtzen eta erlaxatzen dena eta, esate baterako, minirobot artikulatu gisa erabil daitekeena. Makina molekularren diseinuari eta sintesiari esker, Kimikako Nobel saria eskuratu zuen 2016an, J. Fraser Stoddart eta Ben L. Feringa-rekin batera.

Haren ikerketen aurretik, molekula artifizialak soilik estatikoak izan zitezkeela pentsatzen zen; Sauvagek, ordea, mugimendu ahalmen handiko sistema dinamikotan eraldatu zituen. Kontzeptu berritzaile bat da: informazioa daramaten motorren modura joka dezaketen molekulak. Aukerak askotarikoak dira; esate baterako, medikuntzan erabil daitezke zelula gaiztoei erasotzeko, minirobot horiek odolean txertatuz.


Ibilbidea eta aintzatespenak

Jean-Pierre Sauvage Parisen jaio zen, Frantzian. Doktoregoa Estrasburgoko Louis-Pasteur unibertsitatean jaso zuen, 1971n. Aldi horretan, haren tutorea Jean Marie Lehn ikertzailea izan zen, gerora Kimikako Nobel saria jasoko zuena (1987). Frantziako Ikerketa Zientifikoaren Zentro Nazionalean (CNRS) egin du lan, eta bertako ikerketa zuzendaria izan zen 1979-2009 urteen bitartean, eta ikerketa zuzendari emeritua, berriz, 2009tik gaur egun arte. Horrez gain, gaur egun, Estrasburgoko Unibertsitateko irakasle emeritua da.

Frantziako Zientzien Akademiako kide izendatu zuten, 1997ko azaroaren 24an. Ohorezko Legioaren Zalduna da; Royal Society of Chemistryko (Erresuma Batua) kidea da eta bertako domina jaso du; Frantziako Kimika Elkartearen Pierre Süe saria jaso du; eta, Europako Zientzien Akademiaren Kimikako Blaise Pascal domina. Horrez gain, atzerritar elkartu gisa sartu zen AEBko Zientzien Akademia Nazionalean, 2019ko apirilean.

ponente

Maria VALLET-REGí

Biomaterial adimendunak
Universidad Complutense de Madrid (UCM)CIBER-BBN, Espainia

  • Passion for Wolframium | 10/01 Asteartea | Seminarixoa, Bergara | Bigarren hezkuntzako ikasleeak
  • Hitzaldi Nagusiak | 10/04 Ostirala | Victoria Eugenia antzokia, Donostia | Guztientzat

Aitzindaria, hezurrak birsortzeko biomaterial adimendunetan

Maria Vallet ikertzaile bat da, biomedikuntzan aplika daitezkeen material zeramiko mesoporotsuen arloan diharduena, eta material horien aplikazio biomedikoak asmatu zituen, bereziki hezurren birsorkuntzaren arloan eta farmakoen kontrolpeko liberazio sistemetan. Arlo horretan egindako ekarpen aitzindariei esker, oinarrizko ikerketaren Jaime I.a Erregearen saria jaso zuen, 2018an.

Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean, Biomaterial Adimendunen Ikertaldea (GIBI), CIBER-BBN, gidatzen du, eta hainbat estrategia ari dira garatzen hezurrei lotutako gaixotasunak sendatzeko, hala nola minbizia, osteoporosia eta inplanteetan sortutako infekzioak. Minbiziaren kasuan, silikazko nanopartikulak erabiltzen ari da farmakoak kaltetutako guneetara garraiatzeko eta modu kontrolatuan askatzeko; zelula kantzerigenoak hautematean, nanopartikulak aktibatu egiten dira kanpo estimuluen bidez, hala nola ultrasoinuak, eta zelula hiltzen duen farmakoa askatzen dute. Metodo selektibo horiek eragiteko aukera ematen dute, inguruko zelula osasuntsuak kaltetu gabe. Era berean, nanopartikulek infekzioak sendatzeko antibiotikoak garraiatu ditzakete, edo inplanteak sor ditzakete 3Dko inprimagailuak erabilita, non hezurren ehuna birsortzeko gai izango diren zelula amak haz daitezkeen.


Ibilbidea eta aintzatespenak

María Vallet-Regí kanariarrak Kimika ikasi zuen, Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean, eta bertan eskuratu zuen doktoregoa, 1974an. Gaur egun, Kimika Ez-organikoko irakasle emeritua da, eta Madrilgo Unibertsitate Konplutentsearen Farmazia Fakultateko Kimika Ez-organikoa eta Bioez-organikoa sailaren GIBI ikertaldeko zuzendaria.

700 artikulu zientifiko baino gehiagoren eta 13 patenteren egilea da, eta 38.000 aiputik gora ditu. Azken bi hamarkadetan Materialen Zientziaren arloan aipu gehien jaso dituen Espainiako zientzialaria da, ISIren arabera.

Unibertsitate Konplutentseko katedraduna da, eta Ingeniaritzako Errege Akademiako (RAI) eta Farmaziako Errege Akademia Nazionaleko (RANF) kidea. Era berean, FBSEko (Fellow Biomaterials Science and Engineering) eta AIMBEko (American Institute for Medical and Biological Engineering) kidea da.

Estatuko eta nazioarteko hainbat sari jaso ditu, horien artean: Ikerketako Sari Nazionala (2018), oinarrizko ikerketaren Jaume I.a saria (2018), Societé Française de Chimie elkarteko sari franko-espainiarra (2000), RSEQ 2008 saria Kimika Ez-organikoan, ikerketako FEIQUE saria (2011), RSEQren urrezko domina (2011), IUPAC 2013 Distinguished Women in Chemistry/Chemical Engineering, Miguel Catalán ikerketa saria (2013), Lilly Distinguished Career Award in Chemistry (2016), eta Tatiana Pérez de Gúzman el Bueno Fundazioaren Fisika, Kimika eta Matematika Zientzien aitzindariei ematen zaien Julio Peláez saria. Unibertsitateko ikerketen eta hezkuntzaren merezimenduaren domina jaso du, urrezko kategorian. Honoris causa doktorea da Euskal Herriko Unibertsitatean eta Jaume I.aren Unibertsitatean.