Ordenagailu kuantikoaren ideologoetako bat
Juan Ignacio Cirac fisikariak fisika kuantikoa konputazioari aplikatzeko ideia garrantzitsuenetako batzuk proposatu ditu. Ordenagailu kuantikoen bultzatzaile nagusietako bat da. Azken 25 urteotan, Optika Kuantikoaren Max Planck Institutuko zuzendarietako bat izan da, eta, besteak beste, Asturiasko Printzea Saria (2006) eta Wolf Saria (2013) jaso ditu.
Bere ikerketa-ildo nagusiak informazioaren teoria kuantikoa eta konputazio kuantikoa dira. Konputazio kuantikoak gaur egungo konputazioaren bestelako paradigma bati erantzuten dio; izan ere, egungo konputazioa bitean oinarritzen da, eta informazioa bi egoeratan baino ez du prozesatzen: zeroan eta batean (piztuta edo itzalita). Teknologia kuantikoak, aldiz, egoera horiek gainjartzea ere ahalbidetzen du, bit kuantikoen, hau da, qubiten, bidez. Horren ondorio nagusietako bat da ordenagailu konbentzional baten bidez ebatzi ezin diren zenbait arazo ordenagailu kuantiko baten bidez lantzeko modukoak izan daitezkeela.
Ibilbide profesionala eta aitortzak
Ignacio Cirac-ek Fisikan lizentziatura lortu zuen Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean 1988an, eta doktoregoa 1991n. Gaztela-Mantxako (Espainia) eta Innsbruckeko (Austria) unibertsitateetan irakasle aritu ondoren, 2001ean Optika Kuantikoaren Max Planck Institutuko zuzendari izendatu zuten (Garching, Alemania). Municheko Unibertsitate Teknikoko ohorezko irakaslea ere bada.
Espainiako Zientzia Zehatz, Fisiko eta Naturalen Errege Akademiako kidea da, baita Alemaniako (Leopoldina), Bavariako eta Estatu Batuetako akademietakoa ere. Austriako, Zaragozako eta Bartzelonako Zientzia Akademietako kide korrespondentea da, eta American Physical Society-ko kidea ere bada.
Bere lanagatik sari ugari jaso ditu, besteak beste: Austriako Zientzien Akademiaren Felix Kuschenitz Saria (2001), European Physical Society-ren Elektronika Kuantikoko Saria (2005), Asturiasko Printzea Saria (2006), Blas Cabrera Ikerketa Sari Nazionala (2007), BBVA Fundazioaren Ezagutzaren Mugak Saria (2009), Franklin Domina (2010), Niels Bohr Domina (2013), Wolf Saria (2013), Fisika Teorikoko Hanburgoko Saria (2015), Alemaniako Fisika Elkartearen Max Planck Domina (2018), Torontoko Unibertsitatearen John Stuart Bell Saria, Micius Fundazioaren (Txina) Konputazio Kuantikoko Saria (2019), Belgikako Errege Akademiaren 2024ko Saria eta CSICen Bikaintasun Domina (2025). Hamar unibertsitatetako honoris causa doktorea da.