Jaialdia

Passion for Knowledge (P4K)

Passion for Knowledge (P4K) herritar guztiei irekitako zientzia arloko nazioarteko jaialdia da, eta Donostia International Physics Center (DIPC) ikerketa-zentroak antolatzen du. Ikuspegi berritzailearen eta jarduera-programa zabalaren bidez, jaialdiak zientzia funtsezko kultura-jarduera gisa sustatzen du, etorkizuneko belaunaldien ongizateari laguntzeko, eta aurrerapen zientifiko, teknologiko eta sozialaren bultzatzaile bihurtzeko.

Passion for Knowledge jaialdiaren seigarren edizioa 2026ko irailaren 28tik urriaren 3ra bitartean egingo da. Donostiako Victoria Eugenia Antzokia izango da berriro ere egoitza nagusia, eta Bilbon ere egingo dira jarduera batzuk.

Passion for Knowledge egitasmoak zientziaren, kulturaren eta pentsamendu garaikidearen erreferente diren pertsona entzutetsuak biltzen ditu, ezagutza gizartera hurbiltzeko eta diziplina desberdinen arteko elkarrizketa sustatzeko helburuarekin. Jaialdiak gune paregabea eskaintzen du ezagutza zientifikoak eta humanistikoak gure kultura, gure balioak eta etorkizunari buruz dugun ikuspegia eratzen nola laguntzen diguten gaiari buruz gogoeta egiteko.

Jaialdian nazioarteko zientzialari ospetsuek parte hartuko dute. Beren arloetan erreferenteak dira eta azken hamarkadetako aurkikuntza zientifiko garrantzitsuenetako batzuen protagonista izan dira. Hitzaldien bidez, bertaratutakoek zuzen-zuzenean ezagutu ahal izango dute nola lagundu duten ezagutzaren mugak zabaltzen.

Programak hitzaldi nagusiak eta publiko ezberdinei zuzendutako jarduerak uztartzen ditu: bigarren hezkuntzako ikasleekin topaketak, Naukas saioak, haurrentzako tailerrak, ikuskizunak eta eduki-sortzaileekin egindako dibulgazio-jarduerak, besteak beste.