Maria Vallet

Hezurren birsortzailea

María Vallet-Regí material zeramiko mesoporotsuen arloko ikertzaile aitzindaria da, eta material horiek biomedikuntzan izan ditzaketen aplikazioak aurkitu zituen zientzialaria, bereziki hezurren birsorkuntzan eta sendagaiak modu kontrolatuan askatzeko sistemetan. Arlo horretan egindako ekarpen berritzaileengatik, 2018an Oinarrizko Ikerketako Rey Jaime I Saria jaso zuen.

Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko Biomaterial Adimendunen Ikerketa Taldeko —GIBI, CIBER-BBN— zuzendaria da. Talde horrek hezurrekin lotutako gaixotasunak sendatzeko hainbat estrategia garatzen ditu, besteak beste, minbizia, osteoporosia eta inplanteen infekzioak tratatzeko. Minbiziaren kasuan, silizezko nanopartikulak erabiltzen dituzte sendagaiak kaltetutako eremuetara garraiatzeko eta bertan modu kontrolatuan askatzeko. Minbizi-zelulak hautematen direnean, nanopartikulak kanpoko estimuluen bidez aktibatzen dira, adibidez ultrasoinuen bidez, eta zelula suntsitzen duen sendagaia askatzen dute. Metodo selektibo horiei esker, minbizi-zelulen aurka jardun daiteke inguruko zelula osasuntsuak kaltetu gabe.

Era berean, nanopartikulek antibiotikoak garraia ditzakete infekzioak sendatzeko. Horrez gain, neurrira egindako inplanteak sor daitezke 3D inprimagailuen bidez, hezur-ehuna birsortzeko gai diren zelula amak haz daitezen.

Ibilbide profesionala eta aitortzak

María Vallet-Regí Kanaria Handiko Las Palmasen jaio zen. Kimika ikasi zuen Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean, eta unibertsitate berean doktoratu zen 1974an. Gaur egun, Kimika Ez-organikoko irakasle emeritua da, eta Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko Farmazia Fakultateko Kimika Ez-organiko eta Bioez-organikoko Saileko GIBI ikerketa-taldearen zuzendaria.

Zazpiehun artikulu zientifiko baino gehiago idatzi ditu, hamahiru patente ditu eta haren lanek 38.000 aipamen baino gehiago jaso dituzte. ISI Web of Knowledge datu-basearen arabera, azken bi hamarkadetan Materialen Zientziaren arloan aipamen gehien jaso dituen Espainiako zientzialaria izan da.

Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko katedraduna da, baita Ingeniaritzako Errege Akademiako eta Farmaziako Errege Akademia Nazionaleko kide osoa ere. International College of Fellows of Biomaterials Science and Engineering erakundeko Biomaterialen Zientzia eta Ingeniaritzako kidea da, baita American Institute for Medical and Biological Engineering erakundekoa ere.

Estatuko eta nazioarteko sari ugari jaso ditu. Horien artean daude 2008ko Ikerketa Sari Nazionala, 2018ko Oinarrizko Ikerketako Jaume I Saria, Société Française de Chimie erakundearen 2000ko Prix Franco-Espagnol saria, RSEQ elkartearen 2008ko Kimika Ez-organikoko Saria, 2011ko FEIQUE Ikerketa Saria, 2011ko RSEQren Urrezko Domina, IUPAC erakundearen 2013ko Distinguished Women in Chemistry or Chemical Engineering aitorpena, 2013ko Miguel Catalán Ikerketa Saria, 2016ko Lilly Distinguished Career Award in Chemistry saria eta Tatiana Pérez de Guzmán el Bueno Fundazioak 2017an emandako Fisikan, Kimikan eta Matematikan Aitzindari diren Emakumeentzako Julio Peláez Saria. Ikerketaren eta Unibertsitate Irakaskuntzaren Merezimenduaren Urrezko Domina ere jaso du, eta Jaume I Unibertsitateko eta Euskal Herriko Unibertsitateko honoris causa doktorea da.

Biomaterialak eta hezurren birsorkuntza

2018ko Oinarrizko Ikerketaren Rey Jaime I Saria 

Madrilgo Unibertsitate Konplutentsea