Passion for Knowledge jaialdiaren barruan, Zientziarekin solasean! Topaketak egin dira gaur goizean Donostiako Victoria Eugenia Antzokian. Bigarren Hezkuntzako ikasleak eta irakasleak nazioarteko zientziako hiru aditu entzutetsurekin elkartu dira: Anne L’Huillier, 2023ko Fisikako Nobel sariduna; Brian Schmidt, 2011ko Fisikako Nobel sariduna; eta Ginés Morata, 2007ko Ikerketa Zientifikoko eta Teknikoko Asturiasko Printzearen sariduna.
Donostia International Physics Center-ek (DIPC) antolatutako topaketa hauen helburu nagusia da gazteengan zientziarekiko jakin-mina piztea eta zientzia-bokazioak inspiratzea. Goiz osoan, ikasleek aukera izan dute hiru gonbidatuen ibilbideak bertatik bertara ezagutzeko, haien ikerketetan mugarri zian diren erronka batzuk ezagutzeko eta, batez ere, galderak zuzenean egiteko.
Beren aurkikuntzez gain, hiru gonbidatuek ikasleekin partekatu dituzte beren karrera zientifikoetan mugarri izan diren une, ikaskuntza eta esperientziak, eta aurrerapen zientifiko handien atzean dauden ikerketak eta pertsonak hurbiletik ikusteko aukera eskaini dute. Pedro Miguel Etxenikek moderatu du saioa.
Topaketako galderarik interesgarriena edo originalena jakinaraztea izan da goiz osoan ikusmin handiena sortu duen uneetako bat. Gasteizko Koldo Mitxelena BHI zentroko Yahya Tamimik jaso du aintzatespena, galdera honengatik: In the 19th century, scientist believed in the existence of the luminiferous ether, which turned out to be an illusion due to lack of better physics. Do you think dark energy could be our 21st century ‘ether’, a mathematical illusion because we might not understand gravity on very large scales?. Izaskun Simonek eman du horren berri, EDP Fundazioaren izenean, eta emozioa eta urduritasuna piztu ditu ikus-entzuleen artean. Horrekin bukatu da jakin-minez eta ikasteko gogoz blai egon den topaketa.









