Albisteak

Passion for Knowledge jaialdiak osasun mentalean jarri du fokua

Gizonezkoek eta emakumezkoek prezio desberdina ordaintzen al dugu karrera profesional bat garatzeagatik? Hartzen ditugun erabakiak zenbateraino dira benetan gureak edo inguratzen gaituen testuinguruak baldintzatzen ditu? Horiek dira Passion for Knowledge jaialdiaren baitan gaur goizeko jardunaldian landu diren galderetako batzuk. Ikerketaren esparruko osasun mentalari eta ongizateari buruz hausnartzeko jardunaldia izan da, bereziki, emakumeek beren ibilbide zientifikoan zehar jasaten dituzten desberdintasun eta zailtasunei erreparatu zaie. Emakumeak Zientzian ekimenarekin elkarlanean antolatutako jardunaldia izan da.

Rosa Molina psikiatra eta dibulgatzaileak eman dio hasiera saioari, gaiaren inguruko zertzelada batzuk eskainiz testuinguru kliniko batetik, eta nahasmendu jakin batzuen prebalentzian ikusten diren desberdintasunak mahai gainean jarriz.

Testuinguru horretan, Molinak mahai-inguru bati eman dio bide, eta Molinak berak, María Vallet-Regí eta Susana Carregal ikertzaileekin batera, beren esperientziak eta ikuspegiak partekatu dituzte hainbat belaunalditatik eta ibilbide profesionaletatik. Emakumeek postu jakin batzuk lor ditzaketen galdetzetik harago joan da solasaldia, baizik eta zer kostu du hori egiteak?. Zalantzan jarri dute, halaber, pertsonalak diren erabakiak zenbateraino diren benetan askeak edo egungo sistemaren barruan hartzen diren erabakiak ote diren.

Ondoren, galderen txandak bide eman dio elkartruke hurbil eta lasai bati, eta jardunaldira hurbildutako asko animatu dira parte hartzera, kezkak azaltzera eta ekarpenak partekatzera.

Jardunaldia gogoeta bat izan da, karrera zientifikoa lorpenetatik eta aukeretatik ez ezik, eraikitzen dutenen ongizatetik ere begiratzeko gonbita egin duena. Izan ere, zientzian osasun mentalaz hitz egiteak ezinbestean dakar geure buruari galdetzea zer baldintzatan ikertzen dugun, zer presio onartzen ditugun eta nahi dugun tokira iristeko zer prezio —pertsonal eta kolektibo— dugun.