Albisteak

Passion for Knowledge jaialdiak seigarren edizioa itxi du herritarren babes handiarekin

Passion for Knowledge 2026 jaialdiak arrakastaz amaitu du bere seigarren edizioa, zientziaren eta gizartearen arteko hitzaldi, topaketa eta elkarrizketen sei egunei amaiera emanez. Janus Lesterrek hartu du parte amaiera ekitaldian, eta disko berriko bi kantu aurkeztu ditu, jaialdia musikaz blai agurtuz.

Aste osoan zehar jaialdiak 6.000 pertsona baino gehiago bildu ditu. Horrek erakusten du zer interes pizten duen zientziak gizartearengana hurbiltzen denean. Egunero, 700 pertsonatik gora hurbildu dira Victoria Eugenia Antzokira hitzaldiez eta jarduerez gozatzera. Era berean, Bigarren Hezkuntzako 600 ikasle eta irakaslek maila goreneko adituekin hitz egiteko aukera izan dute. Jaialdiaren eragina komunikabideetan ere islatu da: 150 prentsa-inpaktutik gora lortu dira.

Beste behin ere, DIPCk bere esker ona adierazi nahi die azken hilabeteetan horrelako ekitaldi bat posible egiteko ilusioz eta dedikazioz lan egin duten pertsona guztiei. Herritarrei ere eskerrak eman nahi dizkie. Izan ere, Victoria Eugenia antzokia egunez egun betez egin duten harrera bikainak agerian utzi du zientziak eta ezagutzak pizten duten interesa eta jakin-mina. Erantzun hori pizgarririk onena da zientzia gizartera hurbiltzen eta horrelako ekimenei bizia ematen jarraitzeko. Hurrengo Passion for Knowledge ediziora arte!