Albisteak

Zientziak berriro egingo du bat gizartearekin Passion for Knowledge 2026 jaialdian

Passion for Knowledge (P4K) Donostia International Physics Center (DIPC) zentroak antolatzen duen nazioarteko zientzia-jaialdiak seigarren edizioa izango du 2026ko irailaren 28tik urriaren 3ra Donostian eta Bilbon. Jaialdiak sei Nobel saridun, bost Asturiasko Printzesa saridun eta nazioarteko beste izen handi batzuk elkartuko ditu egitarau ireki eta doako batean, helburu hauek ardatz dituela: ezagutza herritarrei hurbiltzea, elkarrizketa, pentsamendu kritikoa eta jakin-mina sustatzea, eta zientzia gure kulturaren funtsezko zatia dela aldarrikatzea.

“P4K-k oinarrizko ideia hau du abiapuntu: zientzia kultura da. Kulturaren beste edozein adierazpenek bezala, zientziak ere, mundua ulertzen laguntzeaz gain, errealitateari begiratzeko dugun modua zabaltzen eta galderak egiten laguntzen digu. Horregatik, ezagutza sortzen dutenen eta gizartearen arteko topaketa ireki bat proposatzen digu jaialdi honek, publiko ororentzat eta ikuspegi eta lengoaia desberdinetatik pentsatutako jarduerekin”, adierazi du Pedro Miguel Etxenike DIPCko presidenteak.

Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburu Juan Ignacio Pérez Iglesiasek adierazi duenez, “Passion for Knowledge gertaera berdingabe bat da haren planteamendu, anbizio eta formatu-aniztasunagatik. Lehen mailako kultura-jai bat da; ezagutzaren ospakizun bat; zientzia gizartera zabaltzeko formatu zabaleko baliabide bat; zientziaren eta haren lorpenen erakusleiho bat; jakintzen balioaren aldarrikapen publiko bat. Baina, gauza guztien gainetik, prestigio eta legitimazio sozialaren iturburu bat da, eta ezaugarri horiek ezinbestekoak dira aurrera egiteko”.

Jaialdiaren erakargune handienetako bat Victoria Eugenia antzokian arratsaldero egingo diren osoko hitzaldiak dira, zeinetan parte hartuko baitute Nobel saridun batzuek eta nazioartean erreferentzia diren beste zenbait pertsonaiek ere. Aurtengoen artean ditugu, besteak beste, Anne L’Huillier, 2023ko Fisikako Nobel sariduna, attosegundoen zientziaren aitzindarietako bat (atomoen barruan elektroiak nola mugitzen diren lehen aldiz ikusteko aukera eman duen eremua da attosegundoena); Brian Schmidt, 2011ko Fisikako Nobel sariduna, unibertsoaren hedapen azeleratua hauteman zuen astronomo eta astrofisikari ospetsua; Siri Hustvedt, 2019ko Letren Asturiasko Printzesa sariduna, literatura, neurozientzia, filosofia eta psikologiaren arteko konexioak arakatzen dituen idazlea; Wolfgang Ketterle, 2001eko Fisikako Nobel sariduna, Bose-Einstein-en kondentsazioa gas batean ikusi zuen lehen ikerlaria (materiaren beste egoera bat deskubritu zuen horrela); Marcus du Sautoy, munduko zientzia-dibulgatzaile ospetsuenetako bat (matematikek denari forma nola ematen dioten arakatzen du, hasi arte eta musikatik eta bukatu adimen artifizialean eta giza sormenean); eta Ana Zubiaga, Jakiundeko lehendakaria.

Elkarrizketa-formatuan, Jean-Marie Lehn Kimikako Nobel saridunak eta Pedro Miguel Etxenikek Ilustrazioaren balioei eta pentsamendu kritikoaren garrantziari buruz jardungo dute, eta zientziaren eta, batez ere, kimikaren eboluzioaz eta mundua ulertzeko dugun moduan duen eraginaz arituko dira. Elkarrizketan, bereziki aipatuko dituzte gaur egungo balio-krisia eta jakintzat jotzen dugun hori zalantzan jarri beharra.

Victoria Eugenia antzokian, Bertso Passion ikuskizuna ere izango dugu, zenbait bertsolari ezagunekin; besteak beste, Maialen Lujanbio, Andoni Egaña, Amets Arzallus, Aitor Mendiluze eta Nerea Ibarzabal. Horrez gain, Naukas Passion saio ospetsuak ere izango dira bertan, eta parte hartuko dute estatuko zientzia-dibulgazioko eta -komunikazioko zenbait pertsona ezagunek ere.

Jaialdiaren beste mugarri bat Zientziarekin solasean! topagune jendetsuak dira. Donostian eta Bilbon egingo dira, eta Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko ikasle eta lehen mailako ikertzaile batzuek, Nobel saridunak barne, parte hartuko dute. Topaketen helburu nagusia da gazteengan zientzia ezagutzeko jakin-mina piztea eta bokazio zientifikoak sortzea.

Egitarauan dago, halaber, Scientific Discovery in the Era of AI tailerra, Euskadiko doktoretza-ikasleei zuzendua eta Euskampus Fundazioarekin batera Miramar Jauregian antolatua. Adimen artifiziala aurkikuntza zientifikoak nola eraldatzen ari den aztertuko dute. Saioan, parte-hartzaileen arteko eztabaida eta elkarrizketa irekia uztartuko dira Passion for Knowledgek gonbidatutako bi adituren eskutik.

Aurten, espazio berri bat estreinatuko du jaialdiak, Ahots Berriak, zientziaren eta dibulgazioaren erreferente garaikideek garaiko erronka eta aurrerapen handiei buruz dituzten ikuspegiak ezagutzeko gunea. María Martinón-Torres paleontologoak, Román Orús fisikari teorikoak eta Eduardo Sáenz de Cabezón matematikari eta dibulgatzaileak hartuko dute parte, elkarrizketak, aurkezpenak eta solasaldiak izango dituen atal berri honetan.

Berrikuntza gisa, eta Emakumeak Zientzian ekimenarekin lankidetzan, ikerketa-alorreko osasun mentalari eta ongizateari buruzko jardunaldi bat egingo da jaialdian, eta arreta berezia jarriko zaie emakumeek beren ibilbide zientifikoan jasaten dituzten desberdinkeriei eta zailtasunei. Rosa Molina psikiatra eta dibulgatzaileak gaiari buruzko hitzaldia emango du, eta, ondoren, mahai-inguru bat egingo dute Molinak berak eta María Vallet-Regí eta Susana Carregal ikertzaileek. Beren esperientziak eta ikuspegiak partekatuko dituzte, bakoitzari dagokion belaunaldi eta ibilbide profesionaletik.

Asteburuan, ohi den bezala, Passion Txikik zientzia gerturatuko die familiei, jolasa, esperimentazioa eta irudimena baliatuz haurren jakin-mina pizteko pentsatutako egitarau baten bidez. Zientzia abentura handi bat izan daitekeela emango zaie aditzera, tailerren, ipuin-kontalarien, esperimentuen eta beste jarduera batzuen bidez. Aurten, gainera, egitaraua are zabalagoa da, ostiral-arratsaldean eta larunbat-goizean izango baitira saioak Victoria Eugenia Antzokiko Club Aretoan, eta igande-goizean ere tailer berriak egingo dira Tabakaleran.

Passion for Knowledge 2026k Eusko Jaurlaritzaren berariazko laguntza du, eta, gainera, DIPCren Patronatuaren etenik gabeko babesa. Patronatu horretako kide dira Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Saila eta Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Saila, Gipuzkoako Foru Aldundia, Donostiako Udala, Euskal Herriko Unibertsitatea (EHU), Kutxa Fundazioa, EDP Fundazioa, Telefónica, CAF, IBM, eta Kutxabank. Era berean, oraingo edizio hau gauzatzen laguntzen duten erakunde eta entitate ugari ditu bidelagun jaialdiak.

Ricardo Díez Muiño DIPCko zuzendariak nabarmendu duenez, “Passion for Knowledge-ren aurreko edizioetako arrakastak agerian jartzen du zenbateko heldutasun zientifikoa eta ezagutzarekiko interesa duen gure gizarteak. Gure ingurunean urte askoan garatu den lehen mailako zientziaren eta ikerketaren aldeko apustu kolektiboaren emaitza ere bada. Jakiteko eta ezagutza gizarte osoarekin partekatzeko daukagun grina ospatzeko aitzakia da Passion for Knowledge. Gure mundua eta hura ulertzeko modua aldatzen ari diren paregabeko pertsonekin hitz egiteko eta haiengandik ikasteko aukera ematen duen festa handi bat da”. Hori dela eta, “herritar guztiak animatu nahi ditut jaialdiko ekintzetan parte hartu eta gozatzera. Ziur nago kulturarekiko interesa eta munduarekiko jakin-mina duen edonork aurkituko duela Passion for Knowledge-n zirraragarria zaion topaketa edo saioren bat”, adierazi du.

Pedro Miguel Etxenikek, aurkezpenari amaiera emateko, pentsamendu kritikoaren garrantzian jarri du arreta; izan ere, “zientziak pentsamendu arrazionalaren eta pentsamendu-askatasunaren garrantzia erakusten digu, eta hori beharrezkoa da, oso, gaur egungo egoeran, gero eta konplexuagoak diren arazoen aurrean jendea erantzun errazetan eta eslogan gidatuetan babestu ez dadin”.

Donostiako Victoria Eugenia Antzokia izango da berriz ere egoitza nagusia, eta Bilbok ere hartuko ditu programatutako jardueretako batzuk. Jaialdiko jarduera guztiak doakoak izango dira. Euskarara, gaztelaniara eta ingelesera itzultzeko interpretazio-zerbitzua izango da. Jardueretan parte hartzeko, nahitaezkoa da jaialdiaren webgunean izena ematea eta lekua erreserbatzea: p4k.dipc.org. Izena emateko epea astelehenean irekiko da.