Gaur hasi da Passion for Knowledge (P4K) ekimenaren seigarren edizioa, zeinak Donosita zientziaren eta herritarren arteko topagune bihurtzen duen. Imanol Pradales Lehendakaria izan da inaugurazio-ekitaldiaren buru, eta Eider Mendoza Gipuzkoako Diputatu Nagusiak, Jon Insausti Donostiako alkateak eta Pedro Miguel Etxenike DIPCko presidenteak ere parte hartu dute.
Inaugurazioa Aukeran Dantza Konpainiaren emanaldiarekin hasi da. Ekitaldi instituzionalaren ondoren, hitzaldi nagusien txanda izan da. Bi Nobel saridun izan dira protagonista: Anne L’Huillier, 2023ko Fisikako Nobel saridun eta attosegundoen zientziaren aitzindarietako bat, eta 2011ko Fisikako Nobel saridun Brian Schmidt, unibertsoaren hedapena azeleratua dela aurkitzeagatik. Biek ere euren ezagutzak eta esperientziak partekatu dituzte publikoarekin, eta fisika garaikidearen galdera handietako batzuk gerturatu dizkiete herritarrei.
Datozen egunetan, jarduera-egitarau zabala izango da hirian, sei Nobel saridunen, Asturiasko bost printzesa sariren eta nazioarteko goi-mailako beste aditu batzuen eskutik. Adin guztietako jendearekin partekatuko dituzte beren ezagutzak, esperientziak eta zientziarekiko grina.







