Albisteak

Galdetu, entzun eta deskubritu: ikasleak eta Nobel saridunak Bilbon daude

Gaur goizean, Passion for Knowledge jaialdiak Bilbora eraman du Zientziarekin solasean! topaketa, eta Euskadi osoko ikastetxeetako ikasle eta irakasleak bildu ditu bertan, nazioarteko zientziako aditu entzutetsuenetako batzuekin batera.

Ikasleek aukera izan dute zuzenean hitz egiteko Albert Fertekin (2007ko Fisikako Nobel Saria), Eva Nogalesekin (2023ko Biziaren Zientzietako eta Medikuntzako Shaw Saria) eta Marcus du Sautoyrekin (2009ko Royal Society-aren Faraday Saria). Giro lasai eta hurbilean, hiru adituek gazteen galderei erantzun diete, euren ezagutzak, esperientziak eta zientziarekiko grina partekatuz.

Pedro Miguel Etxenikek moderatu du topaketa, eta une desiratuenetako bat izan da galderarik interesgarri eta originalena ezagutaraztea: Héctor Lorenzo Vicente, Ermuako San Pelayo ikastetxeko ikasleak jaso du aintzatespena, galdera honengatik: ¿Crees que llegará un momento en el que una inteligencia artificial pueda descubrir una idea matemática completamente nueva que ningún ser humano habría sido capaz de imaginar?. Telefónicaren (DIPCko patronatuko kidea) laguntzari esker eman dute saria, eta Javier Benito Telefónicaren ordezkariak iragarri du, zuzenean.