Vega Asensio

Biologian doktorea, gaur egun ilustratzaile eta diseinatzaile zientifiko gisa egiten du lan. Vega Asensiok 2011n sortu zuen NorArte Visual Science estudioa, zientziaren komunikazio eta dibulgazioa hobetzeko beharrak bultzatuta. Horretarako, bere bi pasioak elkartu zituen, marrazketa eta zientzia.

Batez ere, ikerketa arloko profesionalentzat egiten du lan, eta hainbat motatako material grafikoa sortzen du: ilustrazioak, datu-bistaratzeak, diagramak, animazioak, dokumentuen maketazioa, aurkibide grafikoak, poster zientifikoak, animazioak, etab. Datuak bistaratzeko eta diseinu grafikoko ikastaroak ematen dizkie zientzietako profesionalei unibertsitate eta zentro teknologikoetan. Gainera, ilustrazio zientifikoko profesionalei zuzendutako arlo horretako Espainiako lehen masterraren koordinatzailea izan zen EHUn (2017-2025).

Ilustrazio zientifikoa txikiei gerturatzea izan du beti erronka nagusietako bat. Horretarako, beste aditu batzuekin elkarlanean, hainbat proiektu jarri ditu martxan, besteak beste, Zientzia-Arkatza, Mandala Zientifikoak eta Komiki-Ekin. Proiektu horien bidez, ikastetxeen eskura jartzen ditu ilustrazioa eta bestelako baliabide bisualak erabiltzen dituzten ikasmaterialak, zientzia modu argiagoan azaldu eta ulertzeko. Horrez gain, haurrei zuzendutako tailerrak ere eskaintzen ditu, museoetan, liburutegietan eta bestelako kultur eta hezkuntza-guneetan.

Biologoa eta ilustratzailea

NorArte Visual Science