2009az geroztik, DIPCk top@DIPC – Zientziarekin solasean! izeneko topaketa jendetsuak antolatzen ditu. Bertan, Nobel saridunak eta nazioarteko zientzia arloko ordezkari entzutetsuak Euskadiko bigarren hezkuntzako ikasleekin elkartzen dira, Pedro Miguel Etxenikek gidatutako saioan. Passion for Knowledge jaialdiaren barruan, gonbidatutako zientzialari ospetsuen presentzia baliatzen da topaketa horien urteko edizioa egiteko.
Topaketen helburu nagusia gazteen artean zientziarekiko jakin-mina piztea eta bokazio zientifikoak sustatzea da. Topaketetan, ikasleek gonbidatutako pertsonen ibilbide zientifikoa eta pertsonala lehen eskutik ezagutzeko aukera dute. Ikastetxeek aldez aurretik ikasgelan lantzen dituzte parte hartuko duten zientzialarien biografiak, eta egin nahi dizkieten galderak prestatzen dituzte. Topaketan zehar, izena emandako ikastetxe guztiek galderak egiteko aukera izango dute, ausaz galderak hautatuko dituen zozketa-sistemaren bidez.
P4K 2026 jaialdiaren barruan, Zientziarekin solasean! topaketen XVI. edizioa egingo da, programatutako bi saiorekin. Irailaren 29an, topaketa egingo da Donostian (Victoria Eugenia Antzokian), eta urriaren 1ean bigarren topaketa egingo da Bilbon (Bizkaia Aretoa, EHU). Giro lasaian, ikasleek zientziaren alorreko aditu ezagunekin hitz egiteko eta haiei zuzenean beren zalantzak eta galderak egiteko aukera izango dute.
Topaketa bakoitzean, nazioarteko ospe handiko eta diziplina ezberdinetako bi edo hiru ikertzailek hartuko dute parte (P4K 2026ko hizlari nagusien artetik hautatutakoak izango dira). Haiekin batera izango da Pedro Miguel Etxenike, beste urte batez moderatzaile-lanak egiten. Gonbidatutako zientzialariek ikerketarekiko duten grina eta beren esperientzia partekatuko dituzte, eta baita beren ibilbide profesionaletan pilatutako bizipenak ere. Horrez gain, ikasleek egindako galderei erantzungo diete.
Egitaraua:
- Irailak 29, Victoria Eugenia Antzokia (Donostia), 09:00-12:30
- Urriak 1, Bizkaia Aretoa (Bilbo), 09:00-12:30
Irailean emango dugu programaren berri, eta orduan irekiko dugu izena emateko epea. Berritasunik galdu nahi ez baduzu, eman izena irakasleei zuzendutako informazio-buletinean.
Galdera onenari saria
Topaketa bakoitzean, ikasleek egindako galderarik interesgarriena edo originalena sarituko da. Sari hori Telefónicaren eta Fundación EDPen lankidetza bereziari esker ematen da. DIPCren Patronatuko kideak dira eta Bilbon eta Donostian hartuko dute parte, hurrenez hurren. Sariak gazteen artean ezagutza zientifikoarekiko jakin-mina piztea du helburu, baita topaketa aberastea ere. Sariak zuzenean iragarriko dituzte topaketan zehar.




