Jean-Marie Lehn

Kimika supramolekularraren aita

Frantzian jaioa, Jean-Marie Lehn-ek Kimikako Nobel Saria partekatu zuen 1987an Charles J. Pedersen eta Donald J. Cram-ekin, “ezagutza molekularraren” oinarri kimikoei buruz egindako ikerketengatik; hau da, molekulek elkar ezagutu eta modu selektiboan elkarri lotzeko duten moduari buruzko lanengatik. Prozesu horrek funtsezko zeregina betetzen du sistema biologikoetan ere.

Urteetan zehar, haren ikerketek kimikaren alor berri bat definitzera eraman zuten, eta «kimika supramolekularra» terminoa proposatu zuen hura izendatzeko. Izan ere, lotura kobalenteen ordez molekula arteko indar ez-kobalenteen bidez elkartuta dauden bi espezie kimikok edo gehiagok osatutako entitate konplexuak aztertzen ditu diziplina horrek. Gerora, alor hori «autoantolaketa» prozesuen kimikarantz garatu zen eta, azken urteotan, «kimika moldakorraren», sare dinamikoen eta sistema konplexuen azterketarantz.

Lehn-ek Kimika ikasi zuen Estrasburgoko Unibertsitatean, eta 1963an doktoretza lortu zuen Guy Ourissonen laborategian. Ondoren, urtebete eman zuen Robert Burns Woodwarden laborategian, Harvardeko Unibertsitatean, B12 bitaminaren sintesi osoan lanean ari zen taldeko kide gisa. Mekanika kuantikoari buruzko ikastaro bat ere egin zuen, eta Roald Hoffmannekin batera hasi zen bere lehen kalkuluak egiten. 1964an, gerora Woodward-Hoffmann arauak izenez ezagutuko zirenaren lehen urratsen lekuko izan zen.

Ibilbide profesionala eta aitortzak

1966an irakasle hasi zen Estrasburgoko Unibertsitatean, eta bere laborategia sortu zuen. Bertan, kimika organiko fisikoan ardaztu zituen ikerketak, kimika organikoan, teoria kuantikoan eta metodo fisikoetan —bereziki erresonantzia magnetiko nuklearrean— eskuratutako ezagutzak praktikan aplikatuz.

1970ean Kimika Organikoko katedradun izendatu zuten Estrasburgoko Louis Pasteur Unibertsitatean, eta 1979tik 2010era irakasle izan zen Parisko Collège de France erakundean. Gaur egun, Estrasburgoko Unibertsitateko Ikasketa Aurreratuen Institutuko (USIAS) irakaslea da.

Mila argitalpen zientifiko baino gehiagoren egilea da Lehn, eta akademia nahiz erakunde zientifiko ugaritako kidea. Nazioarteko sari eta aitortza ugari jaso ditu Nobel sariaz gain, besteak beste, Humboldt Saria 1983an, Royal Society erakundearen Davy Domina 1997an eta Zientziaren ISA Domina 2006an. 2009an Alemaniako Errepublika Federalaren Merituaren Ordena jaso zuen, eta 2014an Frantziako Ohorezko Legioko Ofizial Handi izendatu zuten, beste hainbat sariren eta bereizgarriren artean.

Kimika supramolekularra

Kimikako Nobel Saria 1987

Université de Strasbourg