Egilea: csadmin

  • Zientzia Kluba, gaztetxoentzako ekitaldia

    Zientzia Kluba, gaztetxoentzako ekitaldia

    Passion for Knowledge 2016 (P4K) jaialdiaren baitan, haur eta gaztetxoei bereziki zuzendutako ekitaldia antolatu dugu urriaren 1ean goizez Donostiako Victoria Eugenia Antzokiko Klub aretoan. Zientzia Kluba izenarekin, mini-jaialdi honek hainbat jarduera zientifiko dibertigarri bilduko ditu euskaraz

    11h-etan, Marikalambre bizitzaren laborategian liburuan oinarritutako ipuin kontaketa zientifikoa: abentura eta esperimentu mordoa 4 eta 8 urte bitarteko haurrei zuzendutako saioan

    12h-etan, Zientzia pintxoak: esperimentuak tartekatuko dituzten aurkezpen dinamikoen bidez, zientzialari taldea igoko dugu oholtzara lebitazioa eta mutazio genetikoa bezalako hainbat fenomeno harrigarri gertutik ezagutzeko.

    Sarrera doakoa da baina aretoaren edukiera mugatua denez, lekua gordetzeko aurretik izena eman behar da saioetako bakoitzean

  • top@DIPC 2016 – Nobel saridunekin topaketak

    top@DIPC 2016 – Nobel saridunekin topaketak

    Aurre izen-ematearen epea zabalik dago irailaren 8ra arte

    Topaketen aurtengo edizioan, irailaren 27tik urriaren 1era ospatzen den Passion for Knowledge jaialdiaren baitan kokatzen dena, bi topaketa antolatu dira, bata Bilbon, irailaren 28an eta bestea Donostian, irailaren 30ean.

    Bilboko ikertzaile gonbidatuak Dame Jocelyn BELL BURNELL astrofisikaria, Claude COHEN-TANNOUDJI fisikaria (Fisikako Nobel Saria 1997) eta Martin KARPLUS kimikaria (Kimikako Nobel Saria 2013) dira.

    Donostiako ikertzaile gonbidatuak, Elena CATTANEO biologoa, Pamela DIGGLE botanikaria eta Dudley HERSCHBACH fisikari-kimikaria (Kimikako Nobel Saria 1986) dira.

  • Passion for Knowledge 2016 programa osoa ikusgai

    Passion for Knowledge 2016 programa osoa ikusgai

    Oporretara joan aurretik, eman begirada bat Passion for Knowledge 2016 programa osoari eta erreserbatu ezazu zure lekua online erregistroa betez.

    Hitzordua 2016ko irailaren 27tik urriaren 1era duzu. Astrofisika, software ingeniaritza, fisika kuantikoa, neurozientzia, botanika, biomedikuntza… esplorazio istorioak, zientziaren erronkak, sormena eta ezagutzarekiko pasio handia, gizartearen jakin-mina, interesa, irrika eta pentsaera kritikoa pizteko asmoz, zorroztasun zientifikoa eta entretenimendua uztartuko dituzten saioetan. Parada galduko al duzu?

  • Passion for Knowledge 2016: zientziarekiko pasioa, kulturarekiko pasioa

    Passion for Knowledge 2016: zientziarekiko pasioa, kulturarekiko pasioa

    Donostia International Physics Centerrek (DIPC) pentsatu, bultzatu eta antolatuta, Passion for Knowledge 2016 jaialdiak eskainiko duen jarduera-programa zabalean, zientzialariak, hainbat diziplinatako izen handiko adituak eta herritarrak bilduko dira, ezagutza zientifikoa partekatzeko eta zientziaren eta haren balioen zabalkundean guztion parte hartzea sustatzeko helburuarekin.

    Passion for Knowledge 2016 nagusiki Donostian izango da, 2016ko irailaren 27tik urriaren 1era, Donostiak 2016an duen Europako Kultura Hiriburutzarekin bat eginez eta DSS2016EU programa ofizialaren barneko Elkarrizketak lerroan kokatuta. Jaialdiaren egoitza nagusia Victoria Eugenia antzokia izango da, zientziaren kultura-izaera nabarmentzeko hautatua. Baina antolatu dira beste ekimen batzuk Bilbon eta Bordelen ere; azken hori Euskampus Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Nazioarteko Bikaintasun Campusaren baitan.

    Publiko orori zuzendutako programa izango da zientzia, ezagutza, kultura eta pasioa ardatz dituen jaialdi honen muina. Honako hauek biltzen ditu proposamenak: Hitzaldi Nagusiak mundu mailan izen handiko ikertzaileen eskutik (tartean, hainbat Nobel saridun); gai nagusia sormena izango duen Mahai-inguru bat; Bertsolarien sormen-prozesua zertan datzan azaltzeko formatu berritzailea erabiliko duen saioa; edo dagoeneko ezagunak diren Naukas saioak. Argazki-erakusketa ere izango da Aquariumean. Gainera, jaialdiaren inaugurazioan, Breaking Boundaries ikuskizuna aurkeztuko da; zientziaren eta artearen arteko muga gainditu nahi duen ikuskizuna eta dantza, eskulturak, soinua eta irudiak batera hartuko dituena.

    Nolanahi ere, publiko orokorrarentzat pentsatutako jardueretatik harago iritsiko da Passion for Knowledge 2016. Aurreko edizioen arrastoari jarraituz, bigarren hezkuntzako ikasleen eta Nobel saridunen zein punta-puntako zientzialarien arteko bi topaketa antolatu dira, Donostian eta Bilbon: top@DIPC – Zientziarekin solasean!. “Zientzialariengandik zuzenean jasotako zientziarekiko pasioak ikasle gazteak goitik behera bustitzea nahi dugu”, dio Pedro Miguel Etxenikek, Passion for Knowledge 2016ko presidenteak.

    Gainera, larunbatean, goizez, Zientzia Kluba izango da Victoria Eugenia Antzokiko Klub Aretoan. Gazteentzako zientzia-jaialdi txiki honek hainbat jarduera zientifiko dibertigarri bilduko ditu: zuzeneko esperimentuak, ipuin-kontalari zientifikoak, bakarrizketak, eta abar.

    Bestalde, Passion for Knowledgeren edizio honek nazioarteko zientzialari gazteei zuzenduriko udako nazioarteko eskola bat ere izango du. Eskolak, doktoregoko ikasleak eta doktorego ondoko ikertzaileak bilduko ditu. Dynapeutics eskolak farmako molekularrak optimizatzeko garrantzi berezia duten biomolekulak aztertzeko konputazio-metodoak izango ditu ardatz. Besteak beste, jaialdiko hizlari nagusietako batek hartuko du parte eskolan: Martin Karplusek, 2013ko Kimikako Nobel saridunak.

    Antolatzaileek esplizituki eman dizkiete eskerrak jaialdia diruz lagundu duten erakundeei: “Passion for Knowledge 2016 antolatu ahal izan dugu DIPCko patronoen etengabeko laguntzari esker (Eusko Jaurlaritza -Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saila eta Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saila -, Gipuzkoako Foru Aldundia, UPV/EHU, Donostiako Udala, Kutxa, Telefónica, EDP eta CAF); halaber, berariazko finantziazioa jaso dugu Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailetik, bere BERC programaren bidez. Bestalde, jaialdia diruz lagundu dute orobat Zientzia eta Teknologiaren Espainiako FECYT Fundazioak – Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioak eta DSS2016 Europako Kultur Hiriburutzaren Donostia / San Sebastián 2016 Fundazioak”.

    Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburu Cristina Uriartek nabarmendu duenez, “Passion for Knowledge 2016 bezalako jaialdiei esker zientifikoki ongi informatutako gizartea bultzatzen da, eta beraz, gizarte jantziagoa eta libreagoa”. “Hain zuzen ere, helburu horrekin guztiz bat dator Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Saila”, adierazi du Cristina Uriartek.

    DIPCko Zuzendari Ricardo Díez Muiñok gaineratu duenez, “jaialdi honek berriz ere utziko du agerian zientzia giza kulturaren parte dela. Passion for Knowledge ezagutzarekiko pasioa da, zientziarekiko pasioa da, eta ondorioz, kulturarekiko pasioa da”.

    Aurkezpenarekin amaitzeko, Pedro Miguel Etxenikek Passion for Knowledge 2016 jaialdiaren motibazioa laburbildu du: “Zientzia, estetikoki jarduera ederra, kulturalki garrantzitsua eta ekonomikoki erabakigarria da”.

    Jaialdian antolatutako ekitaldi guztiak doakoak izango dira. Edukiak gaztelaniara, ingelesera eta euskarara itzultzeko interpretazio-zerbitzua izango da entzuleen eskura, eta hitzaldi nagusiak zuzenean emango dira streaming bidez, jaialdiaren web-orrian. Passion for Knowledge 2016n parte hartzeko, jaialdiaren webgunean izena ematea eta lekua gordetzea gomendatzen da: p4k.dipc.org

    Informazio gehiago behar baduzu, ikusi atxikitako prentsa-dossierra.

    Prentsa-dossierrean hizlarien biografiak daude, bai eta jaialdiko jarduera guztien deskribapenak ere.

  • Passion for Knowledge 2016ren aurkezpena

    Passion for Knowledge 2016ren aurkezpena

    Donostia International Physics Centerrek (DIPC) Passion for Knowledge 2016 jaialdia antolatu du. Zientzia funtsezko kultur-ekintza gisa sustatzea du helburu jaialdiak, gizartearen eta ekonomiaren aurrerapenari laguntzen dion jarduera gisa. Zenbait Nobel saridunen eta mundu mailako adituen eskutik, nazioarteko jaialdia zientziaren eta herritarren topaleku izango da astebetez.

    Passion for Knowledge 2016 nagusiki Donostian izango da 2016ko irailaren 27tik urriaren 1era, Donostiak 2016an duen Europako Kultura Hiriburutzarekin bat eginez eta DSS2016EU programa ofizialaren barnean Elkarrizketak lerroan kokatuta. Jaialdiaren egoitza nagusia Victoria Eugenia antzokia izango da, zientziaren kulturizaera nabarmentzeko hautatua. Donostiaz gain, jaialdia Bilbo eta Bordelera ere iritsiko da jarduera desberdinekin. Oro har, gazte nahiz heldu, herritar guztiei, zuzendutako ekintza sorta biltzen du jaialdiaren egitarauak.